EHEk Udala UEMAn sartzea proposatu du

Uztarria.eus 2007ko mar. 26a, 12:03
Ostiralean EHEn elkarretaratzera bildu zen jendea.

Elkarretaratzea egin zuten ostiralean

"Egungo marko juridikoa aldatu behar dela" nabarmendu dute

(Urola Kostako Hitza)

Euskal Herrian Euskaraz-ek elkarretaratzea egin zuen ostiralean, "euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa hain nabarmena denean, erdaldunen eskubideak urratzen ari direla esan" izana salatzeko.

Elkarretaratze ostean kideek azaldu zutenez, "jasangaitza da estatu espainolak euskararekiko eta euskaldunen eskubideekiko duen jarrera suntsitzailea". Izan ere, "erdaldunen hizkuntza eskubideak bermaturik daude eta euskaldunok, aldiz, erabat urraturik dauzkagu gure eskubideak" salatu zuten. "Eraso honek egungo markoaren, legedien eta hizkuntza politiken porrota erakusten du", dioenez. Horregatik, "gaur egungo marko juridikoa gainditzea eta euskararentzat marko berri bat eraikitzearen beharra" nabarmendu zuten.

Hala ere, "Azpeitian orain urtebete onartu zen ordenantza praktikan ez dela jarri" eta "udal arau hau gure herrian euskararen normalizazioa lortzeko ezinbesteko tresna" dela nabarmendu zuten. Horregatik, "Azpeitiko EHEk Udalari udal ordenantza mantendu dezan eta bertan planteatzen diren neurri guztiak garatu ditzan" eskatu zion.

Bide beretik, ezinbestekotzat jo zuten kideek Udala Udal Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzea, "Azpeitia herri euskalduna izatean eta baldintza soziolingustiko guztiak betetzean".

Azkenik, "euskarak bere babeserako eta garapenerako behar duen marko berriaren eta ofizialtasunaren alde indarrak biderkatzeko garaia dela" aldarrikatu zuten.