Dena prest Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako

Uztarria.eus 2007ko mar. 29a, 12:03
Iazko maratoi erdian inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan zen.

Larunbatean izango da Diego Garciaren oroimenezkoa

Aurten ere parte-hartze handia espero dute antolatzaileek

XIV. edizioa du aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak. Larunbatean (martxoak 31) izango da Diego Garciaren oroimenezkoa, korrikalaria hil zela sei urte beteko diren egun berean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "dena prest" dago lasterketa egunerako. 16:30ean hasiko da proba Azkoitiko elizaren parean eta Azpeitiko Hotel Loiolan amaituko da.

Parte-hartzaile nagusiak gizonezkoetan honakoak izango dira: Julio Rey (Espainia), Kipsos Kiprotich (Kenya), Saina Kiptoo (Kenya), Kamel Ziani (Euskal Herria), Oscar Fernandez (Espainia), L. A. Miguel Maldonado (Espai.), Fernando Rey (Espainia), Ivan Galan (Espainia). Emakumezkoetan: Olivera Jevtic (Serbia),Yesenia Centeno (Kuba),Teresa Pulido (Espainia), Griselda Gonzalez (Espainia), Ixiar Urdangarin (Euskal Herria), Iratxe Aranburu (Euskal Herria).

Urtero egin ohi duten moduan, goi mailako atletismoa proba herrikoiarekin uztartu nahi izan dute antolatzaileek. Lasterketa berean ikusi ahal izango dira, beraz, puntako atletak eta herri mailako lasterkariak.

Maialen Etxaniz maratoi erdiaren antolatzaileak azaldu du dendetatik parte hartuko dutenen ia izen guztiak dagoeneko jasota dituztela. Azpeitian Aradi eta Aitzaki eta Azkoitian Plaza Berri kirol dendetan gaurkoa izango da izena emateko azken eguna. "Beste herrietan saltzen jarritako dortsal guztiak agortu egin dira", esan dio uztarria.com-i Etxanizek. Dendez aparte, Internet bidez ere aukera ematen dute; 300 izenetik gora jaso dituzte modu horretan. Gaurkoa izango da azken eguna Internet bidez izena emateko. Horiez gain, lasterketa egunean bertan ere jarriko dituzte dortsalak salgai. Goizean egongo dira Azpeitian Hotel Loiolan eta Azkoitian kontzejupean.

Matxoaren 1ean Donostian egin zuten maratoi erdiaren aurkezpen ekitaldia jendaurrean. Antolatzaileek gogorarazi zutenez "aparta" izan zen joan zen urteko ekitaldia. Bi marka hautsi ziren iazko proban: parte-hartzaile kopuruarena, batetik, eta Youssof Songoka kenyarrak egindako denbora, bestetik,1:00.56. Ez da lan erraza izango, beraz, iazko marka horiek haustea.

Aurten, Diego Garcia, bere aita eta Fernando Tapia pilotaria izango dituzte gogoan lasterketa hasi aurretik egin ohi den minutuko isilunean. Lasterketa ondoren, Alejandro Gomez korrikalaria omenduko dute.

Aldaketak autobus geltokietan

Maratoi erdia dela herri barrutik igarotzen dela eta aldaketak izango dira herriko autobus geltokietan. Anbulatorioko geltokia baliogabetuta geldituko da 15:00etatik 19:00ak bitarte. Estazioko geltokia, berriz, 15:00etatik 19:00etara bariantera aldatuko da, tren museoko oinezkoentzako zubi aurrera. Igerilekuko geltokia, azkenik, suhiltzaileen parke aurrera aldatuko da, ordu berdinean hori ere.

Igerilekua itxita egongo da larunbat arratsaldean. Izan ere, lasterketa amaitu ostean dutxak izango dituzte maratoi erdiko parte hartzaileek.

Palmaresa

1994. William Musyoki irabazle gizonezkoetan (1.02,29) eta Maria Luisa Muñoz emakumezkoetan (1.13,53). 610 parte-hartzaile.

1995. Alberto Juzdado (1.02,01) eta Uxua Sorazu (1.18,03). 790 parte-hartzaile.

1996. Domingos Castro (1.01,57) eta Rocio Rios (1.11,18). 670 parte-hartzaile.

1997. Chale Kelele (1.04,08) eta Rocio Rios (1.09,59). 690 parte-hartzaile.

1998. Abel Anton (1.03,03) eta Lucia Andreuchi (1.14,15). 710 parte-hartzaile.

1999. Alejandro Gomez (1.02,28) eta Rocio Rios (1.11,08). 705 parte-hartzaile.

2000. Simon Kasimil (1.02,42) eta Rocio Rios (1.12,28). 858 parte-hartzaile.

2001. Simon Kasimil (1.02,24) eta Eva Sanz (1.11,57). 900 parte-hartzaile.

2002. Samin Korir (1.02,19) eta Teresa Pulido (1.14,05). 905 parte-hartzaile.

2003. Oscar Fernandez (1.04,13) eta Yesenia Centeno (1.09,59). 1.065 parte-hartzaile.

2004. Youssuf Songoka (1.00,56) eta Dolores Pulido (1.10,27). 1.069 parte-hartzaile.

2005. Simon Kiprop (1.01,53) eta Yesenia Centeno (1.14,12). 1.124 parte-hartzaile.

2006. Yaret Asmeron (1.03,03) eta Margaret Karie (1.14,08). 1.133 parte-hartzaile.