Espainiako Gobernuak ez du Azpeitiko EAE-ANV inpugnatu

Uzta 2007ko mai. 3a, 20:05

Azpeitiko Abertzale Sozialistak, aldiz, inpugnatu egin dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak, "Batasunaren estrategia" delakoan

Auzitegi Gorenak ostiralean edo larunbatean hartu beharko du erabakia

Espainiako Gobernuak, Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren bitartez, ez du Azpeitiko EAE-ANV inpugnatu. Bai, ordea, Azpeitiko Abertzale Sozialistak (AAS) hautesle elkartea, aurrez jakina zen bezala, maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan egotea eragotzi asmoz.

EAE-ANVk, Azpeitikoa kontatuta, 256 zerrenda osatu ditu udal eta foru hauteskundeetarako, eta Estatuaren abokatuak alderdi haren 122 zerrenda inpugnatu ditu eta Fiskaltzak 110. Azken batean, herrietako zerrenden ia erdiak, lau hiriburuetakoak, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau foru zerrendak. Gobernuko iturrien esanetan, inpugnatu dituzten zerrenda horietako herrietan, Hego Euskal Herriko biztanleen %70 inguru bizi dira. Azpeitiko zerrenda ez dago haien artean.

EAE-ANVren kontrako inpugnazioak sartzeko, irizpide bakarra erabili duela agertu du Estatuaren abokatuak: zerrenda bakoitzeko kideen %20-30ek 2003az geroztik Batasunarekin harremana izatea. Fiskaltzak, berriz, 1995etik harremanik izan duten HB-EH-Batasunarekin.

Abertzale Sozialisten hautesle elkarteak, berriz, denak inpugnatu dituzte —246—, "Batasunaren estrategia direlako, eta Batasunak horrela, nahiz eta legez kanpokoa izan, Auzitegi Gorenaren eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiak bete gabe utzi nahi ditu". AAS eta beste elkarteok “Batasunak sustatu” dituela adierazi dute Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak. "Horretaz gain, hautagai asko eta asko legez kanpoko erakundeen hautagai izanak dira lehen".

AASek Azpeitian 500 sinadura behar zituen hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko, eta 1.049 bildu zituen.

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala berezia gaur (osteguna) arratsaldean bertan hasiko da inpugnazioak aztertzen. Ostiralean edo larunbatean hartu beharko ditu erabakiak. Hilaren 6an eta 7an kaltetuek helegiteak sartzeko aukera izango dute (Abokatuontzako galdera eta Infiltratuak artikuluak), eta Auzitegi Konstituzionalak hilaren 8an, 9an eta 10ean hartuko lituzke behin betiko erabakiak. Kanpaina, hilaren 11n hasiko da.

Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuak Nafarroan beste bost hautagaitza independente ere inpugnatu dituzte eta Gipuzkoan bi.