Ainara Betegi: "Azpeitian ere egunerokoan urratzen dira hizkuntz eskubideak"

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 4a, 14:05
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea da Ainara Betegi.

Igandean izango den Hizkuntz Eskubideen Egunean egingo dituzten aldarrikapenak eta egitaraua zehaztu du EHEk

"Herritarren eta euskalgintzaren ekarpenak kontuan hartzeko" eskatuko dute

(Urola Kostako Hitza)

Iganderako, Hizkuntza Eskubideen Egunerako, prestaketetan ari da Ainara Betegi, (Azpeitia, 1978) EHEko kidea.

Zertan datza Hizkuntz Eskubideen Egunak?

Duela hiru urte hasi zen egiten eta helburua euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea da. Aurtengo leloa Euskara ofiziala herri guztietan, Euskal Herrian da.

Aurreko hiru urteetan non izan da?

Lesakan, Oiartzunen eta Santurtzin izan da aurreko urteetan. Aurten ere Nafarroan egin nahi zen bertako hizkuntz egoera ikusirik.

Eta nolatan Azpeitian?

Hasieran, Atarrabian eta Burlatan saiatu ginen egiten. Baina bi udalek atzera bota zuten, hauteskunde atarian PSNri eta UPNri komeni ez zitzaielako. Orduan, egun hau antolatzeko baldintza hobeagoak zituen herri batean egitea pentsatu genuen. Baina ez Azpeitian eskubiderik urratzen ez delako, hemen ere kaleko seinaleetan, osasun etxean, epaitegian, hezkuntzan, lan munduan, helduen euskalduntzean...egunero urratzen baitira hizkuntz eskubideak.

Beste Udalen batean ba al da Azpeitikoaren antzeko ordenantzarik?

Egia esan, oso aurreratuak dira Azpeitikoak; Ondarroan dira antzekoak. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak udal ordenantzak bertan behera lagatzean, Udalak ez du salatu hori zerk eragin duen; egungo marko juridikoaren agorpenak eragin duela, alegia. Ez da harritzekoa auzitegiak ordenentzak atzera botatzea: beste marko juridiko bat behar baita.

Zein aldarrikapen egingo dituzue egun honetan?

Alderdiei UEMAn sartzeko aukera aztertzea, euskalgintzarako diru laguntza politika indartzea, udal ordenantzari heltzea eta praktikan jartzea eta herriko euskara planak herritarren parte-hartzean oinarritzea eskatzen ditugu. Izan ere, Udalak ez baitu inoiz ere euskalgintzako taldeen hitza kontuan hartu hizkuntza planak egiterakoan.

Zer ekitaldi prestatu dituzue iganderako?

Goizeko 10:30ean diana eta suziriekin hasiko da eguna. Egun osoan zehar Euskaraz Bizi Gunea egongo da plazan, umeentzat gaztelu puzgarriekin. 11:00etan Hizkuntz Eskubideen IV. bilkura izango da Aitonenan eta herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte-hartzera. 13:00etan manifestazioa izango da eta 13:30ean ekitaldi nagusia plazan. 14:30ean herri bazkaria eta 17:30ean kontzertuak hasiko dira.

Bazkarirako txartelik ba al dago salgai?

Bai, Azpeitian Orkatz, Etxe-zuri eta Zuhatzen daude salgai.

Kontseilua bilkuran

IV Nazio Bilkuran Kontseiluak Euskal Herriko 66 udalerritan egindako hizkuntza-politikaren neurketaren berri emango du. "Udalerrien egoera zein den neurtu dugu bete behar diren hutsuneei aurre egiteko", aurreratu dute. Era berean, Kontseiluak udalerrietan hizkuntza-politika berri bat lortzeko bidea egiteko lagungarria izango den Euskararen Ordenantza Eredugarriak dokumentua azalduko du.