Euskara lan munduan normalizatzeko hitzarmena sinatu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 9a, 11:05
Euskara batzordeburu Ana Mendizabal eta Emuneko zuzendari Dani Larrea hitzarmena sinatzen.

Euskara Patronatuak eta Emun kooperatibak urte amaiera arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute

Elegune izango da Patronatuak enpresetan euskara normalizatzeko abian jarriko duen egitasmoa (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko Euskara batzordeburu Ana Mendizabalek eta Emun kooperatibako Dani Larreak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo goizean. Hitzarmen honen bidez, lan munduan euskara normalizatzea lortu nahi da eta Elegune da helburu hori gauzatzeko martxan jarri den zerbitzua. Bi aldeak pozik agertu ziren urte amaiera arte iraungo duen Elkarlan Hitzarmenarekin. Hori bai, bukatutakoan, egitasmoarekin jarraitu eta hitzarmena berritzeko aukera izango dute.

Lankidetza hitzarmen hau Azpeitiko enpresa guztietan garatu nahi da. Enpresetan euskararen normalizazioarekin hasteko ez da ezinbestekoa langile guztiak euskaldunak izatea, ezta langile erdaldunak euskara ikastera bidaltzea ere. Ana Mendizabalek adierazi zuenez, "euskal hiztunak eguneroko zereginetan euskara erabiltzen hastea da kontua, diseinatutako planean finkatu diren eginkizun errazenetatik hasita eta enpresako organo eta langileen adostasunarekin lan eginez".

Oraingoz Azpeitiko 43 enpresa azaldu dira prest Eleguneren egitasmoa garatzeko eta 20 lagunetik beherako enpresetan ikusten da hutsune nagusiena. Beraz, Azpeitiko langileen %75a dago egitasmo honetan sartzea. Entitate bakoitzari lana egiterakoan mikroplangintza onartzeko eta garatzeko konpromisoa eskatzen dio Patronatuak. eta trukean laguntza tekniko osatua jasoko dute Patronatutik.

Egitasmoak elkarlanean

Elegune izango da Patronatuak enpresetan euskara normalizatzeko jarriko duen doako zerbitzua. Egitasmo guztiak bideratzeko hainbat aholkularitza enpresa ari dira lanean: Elegune iaztik, eta Siadeco, Eregi eta Emun aurten. Hala ere, Emun kooperatiba da hornitzaile nagusia arlo honetan eta Azpeitiko enpresetarako, lantegietarako eta dendetarako Elegune zerbitzua kudeatzeaz, profesional liberalentzat mikroplangintzak egiteaz eta plana enpresetan sustatzeaz arduratuko da.

Emun euskara eta lana uztartzeaz arduratzen den kooperatiba da eta zerbitzu teknikoa ematen die era guztietako erakundeei. Proiektuaren arduradun politikoen, sindikatuen eta enpresarien prestakuntzarekin hasiak dira. Bestetik , Azpeitiko 70 enpresatan Eleguneren egitasmoa aurkeztu dute eta parte hartzera animatu dituzte enpresak. Azpeitiko 40 enpresatan euskararen egoeraren diagnostikoa egin eta euskara normalizatzeko planak diseinatzen eta abian jartzen ari dira une honetan.