Bisitarien zentroa inauguratu dute Loiolako santutegian

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 5a, 12:05
Unanue, Aranbarri, Koro Garmendia (Foru Aldundia), Eizmendi, Irastorza eta Unanue aurkezpenean.

Bisitariei inguruko turismo eta kultura baliabideak erakustea du helburu gunea

Erakusketa gisa dago antolatuta

(Urola Kostako Hitza)

Atzo inauguratu zuten Loiolako bisitarien zentroa, nahiz eta erabat bukatuta ekainaren amaieran egongo den. Zentro hau Arantzazukoarekin eta Antiguakoarekin lotuko da.

Bisitari zentro hau Gipuzkoako lurralderako sarbide bat izango da. Bisitariei turismo eta kultura baliabideak erakustea eta ezagutzera gonbidatzea du helburu.

Erakusketa gisa antolatua dago gune hau, eta hiru ardatz nagusiren inguruan garatuta dago: paisaia, historia eta honen ondarea, eta arima. Hiru ardatz hauek era berean bikoiztu egiten dira, hau da, bi ikuspuntutatik lantzen dira: batetik, lur ignaziarrarena, San Ignazioren bizitzarekin gehiago lotua; eta, besteik, Urola eskualdekoa, inguruko herrietako lekuekin lotua.

Eraikinaren atalak

Bisitarien zentro honen eraikinak hainbat atal ditu: sarbidea, sarrerako korridorea, turismo bulegoa eta aretoa. Sarbideak bidaiaren edo erromesaren ideia ekarri nahi du gogora. Sarrerako korridoreak pasabide izatea nahi du eta horregatik, ardatz tematikoak labur eta modu iradokitzailean aurkezten ditu. Aretoa da gunerik garrantzitsuena; bertan, ikus-entzunezko zenbait baliabideren bidez bisitariak lur ignaziarraren inguruan eta lurraldearen inguruan hausnarketa egitea lortu nahi dute.

Aurkezpen ekitaldian Azpeitiko alkate Julian Eizmendik eta Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik gune hau egiteko Udalen artean egon den lankidetza egokia nabarmendu zuten. Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu Anjel Irastorzak, bere aldetik, "Loiolarekin zuten zorra kitatu" dutela esan zuen; gainera, "hasiera bakarrik izatea" espero zuela adierazi zuen.