Aste honetan hasi dira Udal garbitokia eraberritzeko lanak

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 10a, 14:05
1982tik 1984ra artean ere egin ziren garbitokia eraberritzeko lanak.

Bi hilabeteko epea dute udal langileek lanak amaitzeko

Udalak 60.000 euroko aurrekontua bideratu du horretara (Urola Kostako Hitza)

Astelehenean hasi ziren Santiago kalean udal alberga edo garbitokia eraberritzeko lanak. Garbitoki hori jendearentzat itxita egon da azken urteotan, nahiz eta hainbat turismo gidatan Azpeitiko bisitaleku bezala agertu. Eraberritze lanen ondoren, turismo erabilera izango du eraikinak, hain zuzen ere.

Lanen bidez, eraikinaren barnealdea eta kanpoaldea berritu nahi dituzte. Horretarako, hainbat eginbehar daude finkatuta egitasmoan: barneko paretak pikatzea; paretak zarpiatzea; teilatua eraberritzea; eraikinaren aurrealdeko harriak garbitzea; harriak zigilatuz eta elkartuz kanpoaldeko harriak zaharberritzea; estaldurako egurrezko armazoia garbitzea; eraikin osoa garbitzea; kanpoaldea eta barrualdea pintatzea; burdingintza lanak egitea ateetan eta bestelakoetan; eta instalazio elektrikoa berritzea.

Lanak maiatzaren 7an, astelehenean, hasi ziren eta oraingoz paretak pikatzen ari dira. Udal langileak arduratuko dira lan horietaz guztietaz, eta bi hilabetetan garbitokia berrituta izango dela pentsatzen da. Udal garbitokia konpontzeko lanen aurrekontua 60.000 eurokoa da 2006ko azaroan udalbatzan erabaki zenaren arabera.

Udarako, beraz, herrian bisitariak ugaltzen direnerako, eraberritzeko lanak eginda izango dira eta Azpeitiko hiriguneari beste interes gune bat gehituko zaio.

Bigarren eraberritzea

1982tik 1984ra artean ere egin ziren garbitokia eraberritzeko lanak. Izan ere, urte hauetan Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin zituen Azpeitiko Udalak eraberritze lanak.

Lan horien ondoren, ordea, ez zen eraikina ireki, eta azken urteetan Oilagorra elkarteak amuarrain haztegi bezala erabili izan du eraikin hau. Hori bai, azken urteetan antolatu den Erdi Aroko Azokan beti ireki izan da, garai hartako lixiba egiteko moduak eta bizimodua azaltzeko.

Hau dela eta, zenbait herritarrek askotan kritikatu izan dute eraikin hau itxita egotea eta behar duen erabilera, garbitokiarena edo turismorako bisitalekuarena, eduki ez izana; honen adibide dira Jose Inazio Alberdi EgaƱak azken urteotan hau salatuz idatzi dituen gutunak.

Estilo aldetik bakarra

San Sebastian parrokia alboko garbitoki hau 1842an eraiki zuen Jose Jabier Olazabalek, herriko garbitegi publikoaren funtzioa bete zezan. Orduan ez baitzen ur hornidurarik eta kalean bizi ziren herritarrek ez baitzuten errekarik eskura.

Estilo neoklasikoan dago eraikia eta estilo honetan eraikitako garbitoki bakarrenetakoa da.

San Sebastian parrokiarekin batera Azpeitiko harresi zaharraren albora geratzen den eraikina da alberga.