Udalaren hizkuntz politika hizpide asteazkenean Sindikatu Zaharrean

Uztarria.eus 2007ko mai. 15a, 13:05

Mikel Balentziaga Kontseiluko kideak udalerrien hizkuntz politikaren neurketan Azpeitiak lortutako emaitzak aztertuko ditu

Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arloak antolatutako hitzaldia 20:00etan hasiko da

Mikel Balentziaga Kontseiluko kideak Azpeitiko Udalaren hizkuntz politikari buruzko hitzaldia emango du bihar (asteazkena, maiatzak 16) 20:00etan, Sindikatu Zaharrean, Uztarria Kultur Koordinakundeko Euskara arloak antolatuta. Uztarriaren 24. hitzaldia izango da.

Erakunde euskaltzaleak urtarrilean eman zituen jakitera Euskal Herriko 66 udalerritan egindako udal hizkuntza politikaren neurketaren emaitzak. Azpeitiko Udala geratu zen aurreneko tokian, berak lortu zuelako punturik gehien: hamarretik 6,82ko nota. Hala ere, Kontseiluak euskara lehenesten duen politika sistematikora (7ko notara) iritsi gabe geratu zen Azpeitiko Udala.

Kontseiluak denera 55 galderako galdetegia prestatu zuen, euskarak hamar ataletan duen garrantzia neurtzeko. Euskalgintzako 150 bat laguntzailek erantzun zuten, eta haien artean aritu ziren Uztarriako Euskara arlokoak.