Areto futboleko Jostaldi igoera play-off-a jokatzeko aukerekin jardunaldi baten faltan

Azpeitiko Areto Futbol taldea K.E. 2007ko mai. 15a, 13:05

Azpeitiko Areto Futbol Taldea K.E.-ko lehen taldeak laugarren postua eskura dezake ligako azken partidan (larunbata, 16:15etan)

Azpeitiarrek Zarauzko Euromar taldea mendean hartu behar dute eta Gure Txokoa taldearen hutsaren zain egon

Azpeitiko Areto Futbol Taldea Kirol Elkarteko lehen taldeak Lehen Mailarako igoera play-off-etarako sailkatzeko aukerekin ekingo dio ligako azken partidari. Izan ere, azken asteotako bere aurkari zuzenen hutsak aprobetxatu eta azken txanpa benetan aipagarria egin du. IƱaki Unanuek zuzendutako taldea sailkapeneko laugarren postua eskuratzeko aukererekin iritsi da azken jardunaldi honetara.

Talde azpeitiarrarekin inor gutxik kontatzen zuen liga amaierarako. Jostaldiren azken garaipenek seigarren postura igo dute taldea jardunaldi baten faltan eta larunbat honetan Zarauzko Euromarri gailenduz gero, bosgarren postua ere eskuratuko lukete azpeitiarrek. Aipatutako igoera play-off-a, ordea, lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute, eta azpeitiarrak kasu batean soilik izango lirateke laugarren: euren partida irabaziz eta une honetan laugarren postuan aurkitzen den Gure Txokoak bere norgehiagoka galduz.

Larunbatean, beraz, 16:15etatik aurrera hil ala biziko norgehiagoka ederra ikusteko parada izango dute kiroldegira hurbiltzen direnek. Aurretik, 15:00etan, Jostaldi B-koek ere euren ligako azken partida ere jokatuko dute Hirugarren Mailako liderraren aurka, Anoetako Gazte Asanbladaren kontra, hain zuzen ere.