Udaleku irekietarako izena ekainaren 6a arte eman daiteke

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 29a, 14:05
Iaz sanferminetan, udaleku irekien barruan, egin zen txupinazoa; plaza txikian.

HH 3tik hasi eta DBH 4 arteko umeentzat eta gaztetxoentzat ekitaldiak antolatu dituzte uztaileko bi txandetan

Izena Zapo Txokoko Gazte Informazio Bulegoan, Txiki-Txoko ludotekan edo Iturritxiki ludotekan eman behar da (Urola Kostako Hitza)

Udaleku irekietarako izena ematea epea maiatzaren 23an zabaldu zen eta ekainaren 6an, datorren asteazkenean, itxiko da. Izena Zapo Txokoko Gazte Informazio Bulegoan, Txiki-Txoko ludotekan edo Iturritxiki ludotekan eman behar da.

Udaleku ireki hauetan Haur Hezkuntza 3. mailatik hasi eta DBHko 4. maila arteko umeentzat eta gaztetxoentzat ekitaldiak antolatu dituzte. Uztailean izango dira udaleku ireki hauek eta bi txanda izango dira aukeran: lehenengoa, uztailaren 2tik 13ra; eta, bigarrena, berriz, uztailaren 16tik 27ra. Ez dago, ordea, bi txandetatik bat zertan aukeratu, biak ere egin daitezke.

Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean izango dira udalekuak eta HH3koek ez beste guztiek egun osoko irteerak ere egingo dituzte. Eta egun osoko irteerak egiten dituztenean 10:00etatik 17:30era arte izango da ordutegia.

Izena emateko hainbat bide

Izen-emate orria beteta, Osakidetzaren txartelaren kopia eta ordainketa agiria aurkeztu behar dira izena ematerakoan. Ordainketa, berriz, Azpeitiko Udalean edo Euskadiko Kutxaren 30350020510200900003 kontu zenbakian egin behar da. Prezioei dagokionez, txanda bakarra 44 euro kostatuko zaie HH 3ko, 4ko eta 5eko gurasoei, eta bi txandak 80 euro. LH 5eko eta 6ko gurasoei txanda bakarra 64 euro eta bi txandak 120 euro kostatuko zaizkie. DBHko gaztetxoen gurasoei, berriz, txanda bakarra 96 euro kostatuko zaie. LH 5eko eta 6ko gaztetxoen eta DBHkoen kasuan, gainera, derrigorrezkoa da txanda bakoitzean, gutxienez, 12 pertsonek izena ematea taldea osatzeko.

Antolatzaileek argitu dutenez, egitarauetan aldaketak izan daitezke eta ekainean gurasoekin eta begiraleekin bilera bat egingo da, argibide guztiak eman eta jasotzeko.