Abuztuan jarriko da indarrean garraio txartel bakarra

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 30a, 11:05
Datorren astetik aurrera, garraio txartel bakarrarekin Gipuzkoako autobusak ibiltzeko aukera zabaltzen joango da.

Pertsonalizatutako txartelarekin hilero deskontuak izango dira

Prentsa saltokietan 4 eurotan izango da eskuragarri (Urola Kostako Hitza)

Datorren astetik aurrera, garraio txartel bakarrarekin ibiltzeko aukera zabaltzen joango da Gipuzkoako autobus guztietara. Azpeitian abuztuaren 1ean jarriko da martxan zerbitzu berria.

Hiru epetan finkatuko da zerbitzua lurraldean: ekainaren 4tik Donostialdeko, Bidasoako, Tolosaldeko eta Goierriko autobusetan erabili ahal izango da. Uztailaren 2an, berriz, bat egingo dute Tolosa eta Donostia lotzen duen autobus zerbitzuak. Urola Kosta eta Deba Barreneko autobusetan, abuztuaren 1etik erabili ahal izango da txartela. Urriaren 1etik aurrera, aldiz, Donostia eta Bilbo lotzen dituen Pesa enpresako autobusetan ere.

Garraio txartela egunkari saltokietan erosi ahal izango da, lau eurotan. Ondoren, erabiltzaileak bost eta 300 euro arteko diru kopurua jar diezaioke txartelari. Diru horrekin, autobusetan ibili ahal izango da. Hileko lehen hamar bidaietan ohiko prezioa ordainduko da, eta hortik aurrera hasiko dira beherapenak ezartzen. Zerbitzua zenbat eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoak lortu daitezke.

Nola erabili txartela

Autobusera igotzean txartel-makinan sartu behar da pertsonalizatutako txartela. Txistu-hotsa entzun, argi berdea piztu eta gelditzen den saldoa bertan azalduko da. Autobusetik jaitsi aurretik, ate ondoko bidaia ixteko makinean sartu behar da txartela. Horrela, egindako bidea hartuko du kontuan makinak eta dagokion diru kopurua kenduko du saldotik. Sistemak ez du bidai ireki bat baino gehiago onartzen; txartel bakoitzarekin jabearen bidaia bakarrik ordaindu daiteke. Irteeran bidaia ixtea ahaztuz gero, ibilbide luzeenaren prezioa izango du bidaiak.