Emakumeen futbol txapelketa hastear da

Urola Kostako Hitza 2007ko mai. 31a, 14:05

.17 taldek eman dute izena txapelketan

Ekainaren 2an, 9an eta 23an jokatuko dituzte partiduak (Urola Kostako Hitza)

Larunbat honetan, ekainaren 2an hasiko da Emakumeen II. Futbol Txapelketa. Futbol 7 modalitateko txapelketa izango da eta 30 minutuko partidak, 15 minutuko bi zatirekin, jokatuko dira. Partida guztiak Garmendipe kirol guneko belar artifizialdun zelaian izango dira. Zelai horretatik bi zelai aterako dituzte, modalitate honetara egokitzeko.

Lagun Onak nesken taldeko antolatzaileek argitu dutenez, 17 taldek eman dute izena futbol txapelketan. 17 talde hauek lau multzotan banatu dituzte: A multzoan Bola Z, Zestuarrak, Oiartzun eta Korrale taldeak daude; B multzoan Txober, Hi sen bat, Lokotxerak, Oriyo eta Urolako gazteak taldeak daude; C multzoan Gaztiek, Zarauztarrak, Palistak eta Iraurgi+1 taldeak daude; eta D multzoa, berriz, Zuko, Apa, Orkatzekuek eta Kokori koko taldeek osatzen dute.

9:00etatik 13:00etara

Larunbat honetan eta ekainaren 9an goizeko 09:00etatik 13:00etara izango dira partidak. Talde hauetatik hamar onenak pasako dira ekainaren 23ko finalerdietara eta finaletara. Ekainaren 16an ez da txapelketako partidarik egongo, futbol zelaia beste batzuk baitute hartuta.

Gustura agertu dira antolatzaileak, uste baino jende gehiagok eman baitu izena, baita Oiartzungo gazte talde batek ere.