Ikasturtea agurtzeko jaialdiak prest

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 15a, 11:06
Jaialdietan era guztietako emanaldiak eskainiko dizkiete ikasleek gurasoei.

Asteburu honetan ikastetxeetako jaialdiak egingo dira

Datorren ostegunean musika eskolakoena izango da (Urola Kostako Hitza)

Haur Hezkuntzako (HH), Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek ikasturtea agurtuko dute asteburu honetan beraien ikastetxeetan. Gaur Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIk egingo dute jaialdia 20:00etan kiroldegian. Bihar, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak ikasleentzako eta gurasoentzako egun osoko festa antolatu du.

Iraurgi ikastetxekoek maiatzaren 18an egin zuten ikasturte amaierako jaialdia, beraien zaindaria den Olazko Amaren egunean. Eta Juan de Antxieta musika eskolakoek, datorren ostegunean, hilaren 21, egingo dute ikasturte amaierako emanaldia.

Egitaraua

Karmelo Etxegaraik eta Urola BHIk gaur egingo dute ikasturte amaierako jaialdia. Ikasberrik, berriz, biharko antolatu du kurtso amaierako festa. Oraindik eskolak bukatu ez badira ere, kurtso amaiera ospatuko dute:

Urola eta Karmelo Etxegarai

Ekainak 15, gaur. Kiroldegian, 20:00etan.

  • Akrobata ikasleak, DBHko 1. eta 2. mailako ikasleekin.
  • Hiru txerritxoak eta otsoak, HHko 2. mailakoekin. Saioa amaitutakoan gurasoekin batuko dira atarian.
  • Abereen inauteriak, HHko 3., 4. eta 5. mailako ikasleekin.
  • Saridunei omenaldia.
  • Maitasun iturria, LHko 1. eta 2. mailako ikasleekin.
  • Festan, LHko 3. eta 4. mailako ikasleekin.
  • Taula, LHko 5. eta 6. mailako ikasleekin.
  • Batxilerreko ikasleei orla banaketa.
  • Urolaldeko ikastola maite abestuko dute.

Ikasberri

Ekainak 16, bihar. Ikasberriren eraikinean.

  • 11:00etan suziriak, aurreskua eta pregoia.
  • Ondoren, aretoan, bertsoak LHko 5. eta 6. mailako ikasleekin; HHkoen ikuskizunak; dantza LHko 4. mailakoekin; orla banaketa eta Aitor Azpillaga zuzendariari eta batzordekideei agurra.
  • 12:30ean, atarian, LHkoen jolasak. Futbol eta saskibaloi partidak izango dira DBHko ikasleen eta gurasoen artean, eta krono igoera.
  • Goizean zehar, ikasleen eskulan erakusketa, bidezko merkataritzako denda, argazki emanaldia eta haur txikientzako tailerrak.
  • 14:00etan bazkaria. Nekazal turismo batean asteburu bateko egonaldia zozkatuko dute, Balmasedako ikastolari laguntzeko.
  • 15:00retan hasita, pilota txapelketako finalak eta antzerkia.
  • 15:00retatik 18:00etara ileapaindegi eta txapaginzta tailerrak eta gaztelu puzgarriak.