Gipuzkoako EAk Azpeitikoari eskatu dio EAE-ANVri Alkatetza kentzeko zentsura mozioa aurkezteko

Uztarria.eus 2007ko eka. 17a, 18:06

Zerrendarik bozkatuena (EAJrena) errespetatu ez izana leporatu dio Galdosek EAri, eta astebeteko epea eman dio "konponbidea" jartzen hasteko

Azpeitiko EAkoak ez dira Galdosen ildokoak

Iñaki Errazkin (EAE-ANV) da atzotik (larunbata) Azpeitiko alkatea, EAE-ANVren beraren sei zinegotzien botoak ez ezik, EAren biak eta EB-Aralarrena jaso ondoren, eta horrek tentsioa sortu du Gipuzkoako EAn, Azpeitiko alderdikideek ez dutelako herriko udal hauteskundeetako zerrendarik bozkatuena errespetatu alkate izendatzeko orduan (Julian Eizmendi EAJkoarena; zortzi zinegotzi). Hala, Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidenteak Azpeitiko EAko kideei erabakia aldatzeko eskatu die eta EAE-ANV Alkatetzatik kentzeko eta Eizmendi alkate jartzeko zentsura mozioa aurkezteko.

Astebeteko epean "konponbidea" ematen hasi beharko dutela adierazi du gaur Galdosek hedabideen aurrean, Donostian. "Ez dugu nahi prentsa ohar aseptikorik, konponbidea baizik".

Rafa Larreina EAren zuzendaritzako kideak, ordea, uste du akordioa orokorrean ez dela urratu eta “kasu berezia” izan dela Azpeitikoa.

EA barruan nazional mailan bi ildo daude, horietako bat Galdosek berak burututakoa eta bestea Begoña Errazti EAren lehendakariak, eta Azpeitiko EAren batzordea ez da Galdosen ildokoa. Manuel Unanue eta Mikel Ibarzabal dira EAren bi zinegotziak Azpeitian.

Uztarria.com-ek jakin duenez, Azpeitiko EAko kide batzuek ez dute gustura hartu alderdikoen erabakia, eta atzo eguerdian, udaletxeko bozketaren ondoren, kide kritiko haietako batek taberna batean iskanbila sortu zien erabakiaren alde dauden EAren zuzendaritzako ordezkari batzuei.

Zumaian (Gipuzkoa) ere EAren, EAE-ANVren eta EB-Aralarren artekoa akordioa egon zen atzo, eta EAJrena izan arren zerrendarik bozkatuena, EAkoa jarri da alkate. Galdosek Alkatetzatik dimisioa aurkezteko eskatu dio bere alderdiko kideari, EAJkoa izateko alkate.

Gipuzkoako EAren presidenteak "herritarrei barkamena" eskatu die Azpeitiko eta Zumaiako atzoko "ikuskizun lotsagarriagatik".

Galdos bera Gipuzkoako bozkatuena ez errespetatzeko prest

Galdosek adierazi du ez duela espero kasu horiek Gipuzkoako Foru Aldundira begira EAJren eta EAren arteko negoziaketetan eragiterik. EAko burua, baina, PSE-EErekin ere ari da negoziatzen, eta orain egun batzuk esan zuen ez duela baztertzen sozialistekin akordioa egitea.

Aldundirako Galdosek EAJrekin ixten badu hitzarmena ("lehentasuna" eman dio aukera horri), ez du zerrendarik bozkatuena errespetatuko, PSE-EE izan zelako Gipuzkoan bozkatuena (EAE-ANV baliogabetua kontuan ez hartuta, diputatu kopuruan EAJ geratu da bigarren, EA hirugarren).