Azpeitiko EAJ: “Ez dugu neurririk hartuko, erantzukizuna EArena da”

Uztarria.eus 2007ko eka. 18a, 21:06
Julian Aranbarri, Alex Etxeberria, Julian Eizmendi eta Ana Mendizabal EAJren batzorde negoziatzaileko kideak gaur, Batzokian.

Larunbatean Alkatetza EAE-ANVk lortu izanak "ezustean" harrapatu duela jakinarazi du Eizmendi EAJren zerrendaburuak; "hau bonba bat da"

"EAk Alkatetza saldu egin du, herritarrek gehien bozkatu duten programa ez du aintzat hartu", esan du Etxeberria EAJren presidenteak

Azkeneko albistea (hilak 19, 14:02). Zumaiako alkateak dio "kromo aldaketarik ez" dutela egin Azpeitiarekin

Azpeitiko EAJk "ez du neurririk hartuko Alkatetza berreskuratzeko", gaur (astelehena) arratsaldean jakinarazi duenez. Hala azaldu dute Julian Eizmendi EAJren zerrendaburuak eta Alex Etxeberria herriko EAJren presidenteak arratsaldean Batzokian emandako prentsaurrekoan. "Erantzukizuna EArena da", gaineratu du Etxeberriak. Julian Aranbarrik eta Ana Mendizabalek lagundu diete agerraldian; laurek osatu dute EAJren batzorde negoziatzailea.

Larunbatean EAk eta EB-Aralarrek EAE-ANVri eman zioten botoa, eta "Iñaki Errazkin hautatu zuten alkate":http://www.uztarria.com/albistiek/1181992067, denera bederatzi boto jasota. Eizmendik zortzi jaso zituen, bere alderdiarenak. Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidenteak Azpeitiko EAri EAE-ANVren kontrako zentsura mozioa aurkezteko eskatu dio.

Etxeberria EAJren presidentearen ustez, "EAk Alkatetza saldu egin du, prezioa ez baldin badakigu ere, eta herritarrek gehien bozkatu duten programa ez du aintzat hartu".

"Gertatutakoak ezustean" harrapatu dituela adierazi du Eizmendik eta, batez ere, "EAren jarrera" salatu du. "Gurekin gobernatzeko asmoa agertu eta gero iruzur egin digu, nahiz eta kanpainan 'emandako hitza bete’ egiten dutela adierazi zuten". Eizmendi alkate ohiak jakinarazi du denera "sei bilera" egin dituztela beste alderdiekin; "hiru EArekin, bi EB-Aralarrekin eta bat EAE-ANVrekin". Haren hitzetan, "hirurei hiruko gobernuaren aldeko proposamena" azaldu zien EAJk, "udal gobernua osatzeko EAJ, EA eta EB-Aralarren alde" egiten zutela.

"Aralarrek gurekin gobernatzeko panikoa duela azaldu zigun", esan du Eizmendik, "baina EAk bikoaren alde egin zuen, EAJ-EAren alde, Aralarri betoa ezarri ziolako, eta larunbateko kargu-hartzean zerrenda bozkatuena errespetatuko zuela zioen ostegunean egin genuen bileran, berak bere hautagaitza bozkatuko zuela zioen arren. Irailerako geratu ginen programaz hitz egiteko. EAk ez du hitza bete, ordea. Hau bonba bat da”.

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan Azpeitian EAJk botoen %44 lortu zuela azpimarratu du Eizmendik, eta "eskerrik beroenak" eman dizkie "konfiantza" eskaini zietenei.

Azkeneko albistea (hilak 19, 14:02). Zumaiako alkateak dio "kromo aldaketarik ez" dutela egin Azpeitiarekin. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkate berriak (EA) gaur esan du hango eta Azpeitiko kasuen artean "kromo aldaketarik ez" dela egon. Zumaian EAE-ANVk eta EB-Aralarrek EAren alde egin dute alkatea jartzeko, eta Azpeitian EAk eta EB-Aralarrek EAE-ANVren alde.

EAko zuzendaritza nagusiari azalpenak emango dizkiola adierazi du Agirrezabalagak, "eta gustura geratuko dira".

Gaur berretsi du ez duela dimisioa aurkeztuko, Iñaki Galdos Gipuzkoako EAren presidentearen eskaerari muzin eginez. Agirrezabalaga ez da Galdosen ildokoa; Azpeitiko EAren gehiengoa ere ez.