Karapeto: "Ematea daukazun dena emateko, %100 sinetsi behar duzu egiten duzun horretan"

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 16a, 13:06

Gustura dago Gorka Karapeto Dimako txapelketan elite mailan lortutako lehen postuarekin

(Urola Kostako Hitza)

Gorka Karapetok (Azpeitia, 1981) hainbat eskalada txapelketetan parte hartu du azkenaldian; azkena, Dima Rockmaster izan da.

Dimako txapelketan gizonezkoen elite mailan lehen postua lortu duzu. Gustura geratu al zara?

Hemen lehendabizi argitu nahi dut ez nuela Patxi Usobiagak eta nazioarteko eskalatzaile ezagunek Diman gauez parte hartu zuten txapelketa hori irabazi; egunean zehar egon zen, elite mailako Open Txapelketa irabazi nuen nik. Oso gustura gelditu nintzen, ez zen txapelketa ofizial bat, baina jende ezagunarekin eta lagunekin oso gustura ibili nintzen. Astebete lehenago jakin nuen txapelketa egin behar zela eta ez nintzen joan irabazteko ideia horrekin, gozatzera baizik. Gainera, Diman estatu mailan inon ipintzen ez rokodromo jartzen dute, nazioarteko txapelketetan erabiltzen diren neurriak dituena.

Duela bi aste Fuerteventuran ere izan zinen, Espainiako Txapelketan. Handik zer irudipen ekarri zenuen?

Handik nahiko irudipen eskasarekin etorri nintzen. Izan ere, indartsu sentitzen nintzen, baina, azken unean, gora iristen ari nintzela, zalantzak izan nituen eta erori egin nintzen. Izan ere, ematea daukazun dena emateko, egiten duzunean %100 sinetsi behar duzu. Hamargarren geratu nintzen eta finalera zortzi pasatzen direnez, finaletik kanpo geratu nintzen. Dimakoak, behintzat, lagundu dit Fuerteventuran nire buruarekin izan nuen konfiantza falta ahazten.

Azkenaldian ez al dira eskalada txapelketak ugaritu?

Bai, baliteke; gainera, jendeak interes handiagoa du eta hedabideetan ere gehiago agertzen da. Niri txapelketak gustatzen zaizkit, urtean sei izaten baititut; eta niri gustatzen zaidana egiten, haitzean eskalatzen, lasai jarrai baitezaket.

Zein da, zure ustez, igo duzun biderik gogorrena?

Tas-tas 8c+/9a eta Nanai 8c+ esango nituzke, biak ere Baltzolan, Bizkaian. 8b zailtasuneko bide bat ere aipatuko nuke, lehen ekinaldian egin nuena Ziuranan (Herrialde Katalanak), iazko azaroan.

Eta zein biderik gustukoena?

Araotzen Korea sektoreko edozein bide; Tsunami, batez ere.

Eskalada zaletasun?

Zaletasuna baino gehiago dela esango nuke. Batzuetan gehiegi ematen diot eskaladari. Hark ere asko ematen dit, ordea. Bizitzeko modu bat dela esango nuke.