EAE-ANVk Udalaren "auditoria independentea" egin nahi du

Uztarria.com 2007ko eka. 27a, 19:06

"Ahalik eta eperik laburrenean" egingo du, "Udalaren egoeraren berri zehatza izateko eta datuen berri herritarrei emateko"

Liberatuta dauden kargu publikoen soldatak jaisteko eta "herriari zuzenean hitza" emateko konpromisoak ere hartu ditu Errazkinek, EAE-ANVren beste alkateekin batera

EAE-ANV Azpeitian Alkatetzan dago ekainaren 16az geroztik, EAren eta EB-Aralarren botoei esker (hirurek gobernu akordioa aurkeztu berri dute), eta Udalean "auditoria independentea" egiteko konpromisoa egiteko asmoa agertu du.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako EAE-ANVren alkateek jakinarazi dute hori gaur (asteazkena), Bergaran egindako agerraldian. Agiria sinatu dutenen artean dago IƱaki Errazkin Azpeitiko alkatea.

"Ahalik eta eperik laburrenean" egin nahi dute auditoria tokian-tokian, "Udalaren egoeraren berri zehatza izateko, Udala zein egoeratan hartu dagoen oinarri bat izateko eta datuen berri herritarrei emateko". Azpeitian, frankismoaz geroztik (1979ik), beti EAJk eduki izan du Alkatetza.

"Eredu parte-hartzailea, garbia eta zintzoa" lortu nahi du EAE-ANVk. "Herria Udalera eta Udala herriaren zerbitzura ipintzea da hartzen dugun erronka publikoa".

Beste bi konpromiso ere hartu ditu Azpeitiko EAE-ANVk, Alkatetza daukaten beste alderdikideek bezala: batetik, udalean liberatzeko erabakia hartu duten kargu publikoen soldatak jaisteko konpromisoa; bestetik, "herriarengan eragiten duten azpiegitura eta makro proiektuen aurrean, herriari zuzenean hitza emateko bitartekoak jartzea".

Alderdi haren iritziz, herritarrek maiatzaren 27ko hauteskundeetan "aski" esan zioten, besteak beste, "dekretu bidez gobernatzeko ereduari, alkate presidentzialistak gobernatutako kudeaketa ereduari, herritarrekin ezertarako kontatu gabe eta hauen iritzirik jaso gabe gobernatzeko ereduari, eta eremu publikoan etekinak ateratzeko esku pribatuari ate denak irekitzen dion ereduari".

EAE-ANVk kudeaketa modu hori "aldatu" egin nahi duela dio, eta "herritarren parte-hartzean, demokrazian eta gardentasunean" oinarritu asmoz. Aipatutako "gutxieneko neurriak" horregatik hartu dituela adierazi du.