XXV. Urrakira Igoera izango da igandean, 10:00etatik aurrera

Urola Kostako Hitza 2007ko eka. 29a, 11:06
Gorka Apalantza, iazko igoerako irabazle eta aurtengo igoerako faborito nagusia.

.78 gidarik parte hartuko dute

Igoera puntuagarria izango da Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketetarako (Urola Kostako Hitza)

Asteburu honetan XXV. Urrakira Igoera izango da. 78 gidarik parte hartuko dute aurtengo edizioan. Larunbatean egiaztapenak egingo dira eta igande goizean izango dira igoerako bi probak.

Herenegun aurkeztu zuten proba Gipuzkoako Federazioko presidente Iñigo Cuestak, Euskadiko Federazioko lehendakari Manolo Villaverdek, Lagun-Artea Eskuderiako ordezkari Michael del Cidek, Kiroletako zinegotzi berri bezala aurkeztu zuten Manuel Unanuek eta Iñaki Alberdi gidariak. Gustura agertu ziren, gainera, probaren XXV. urteurrena dela eta.

Igoera hau, gainera, Mendiko Euskal Herriko Txapelketan eta Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria da. Michael del Cidek «Euskal Herriko Txapelketetan dagoen proba zaharrena» dela nabarmendu zuen. Era berean, parte-hartzaile asko izatean "espektakuluaren bila datorren edonor asetzeko modukoa den proba da aurtengoa", Cid-en arabera.

Hainbat kategoria egongo dira autoen zilindroen eta potentziaren arabera. Gainera, automobilismoan itzal handia duten gidariek hartuko dute parte: Xanti Artetxe, Iñaki Alberdi, Joseba Ramirez, Jose Labaka, Joseba Zapirain... Faborito nagusia, ordea, Gorka Apalantza da, adituen iritziz.

Lehen mendi igoera da

Aurtengo lehenengo mendi igoera da hau. Izan ere, orain arte rallysprintak egin dira eta orain Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketak hasten dira, rallysprintekoak baino auto bizkorragoekin.

Ikuskizuna bizia izan dadin 30 segunduan behin irtengo dira autoak, ikuslea autoak bata bestearen atzetik ikusteko zain egon ez dadin.

Manolo Villaverdek Lagun-Artea Eskuderia zorionduz hartu zuen hitza, "horrelako proba bat hainbeste urtean mantentzea gero eta zailagoa eta garestiagoa" delako. Marruak eskuderiak antolatu zuen lehen aldiz Urrakiko Igoera hau eta desagertu zenean Lagun-Artea Eskuderiak hartu zuen lekukoa.

Iñaki Alberdi gidariak esan zuenez "Gorka Apalantzak, iaz bezala, irabazteko arazorik ez" duela izango esan zuen eta igoera oso polita dela azaldu zuen: aldapa eta bihurgune tamaina egokia duela eta oso azkarra dela. Gainera, errepideko zorua hobetu dutenez, "errepidea auto modalitate guztientzat egokitu" dela nabarmendu zuen.

Jendea leku altuetan eta bidetik, gutxienez, bi metrotara jartzeko eskatu zuten antolatzaileek. Gainera, lasterketa martxan dagoela bidetik ibiltzea galarazita dagoela eta kotxea bidetik kanpo uzteko gogorarazi zuten. Ingurua garbi mantentzeko eta zaborrak zaborrontzietan uzteko ere eskatu zuten.

Larunbatean bertan Azpeitiko beste eskuderia batek Aiako Andatza auzoan beste proba bat prestatu du eta "eskualde honetako autozaleek bi proba aukeran izango" dituztela nabarmendu zuen Cid-ek.

Egitaraua

.78 parte-hartzaileek bi txanda egingo dituzte eta 30 segunduro irtengo dira, industrialdeko irteeratik.

Ekainak 30, larunbata

16:00retan, epaitegi aurreko plazan autoen segurtasun neurrien egiaztapenak.

Uztailak 1, astelehena

10:00etan, entrenamendu saioa.

11:30ean, lehen txanda.

13:00etan, bigarren txanda.