Auto istripua gertatu da goizean Munategi parean

Uztarria.eus 2007ko uzt. 11a, 15:07

07:55ak aldera gertatu da ezbeharra, kamioi batek eta turismo batek elkar jo dutenean

Bi lagun zaurituta Zumarragako ospitalera eraman dituzte; biek zauri arinak dituzte

Auto istripua gertatu da gaur goizean (uztailak 11, asteazkena) GI-631 errepidean, Munategi parean. Ezbeharra 07:55ak aldera gertatu da, kamioi batek eta turismo batek elkar jo dutenean. Kamioia Scania markakoa da eta turismoa, berriz, Peugeot 807a. Ezbeharraren ondorioz, bi lagun zaurituta eraman dituzte Zumarragako ospitalera. Peugeot-ean zihoazen zauritutako bi lagunak. Hala ere, zauri arinak dituzte biek.

Istripuaren eraginez, 08:45ak arte bidea itxita egon da Azkoititik Azpeitiranzko norabidean. Horrek auto ilarak sortu ditu baina 08:45an berriro zabaldu dute bidea eta trafikoa bere onera etorri da.