Saninazioetako egitarau bateratua izango da aurten

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 12a, 11:07
Iaz txosnetan jolasak antolatu zituen Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak.

Udalak eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak jai egitarau bateratua kaleratuko dute

Bi aldeak akordiora iritsi dira (Urola Kostako Hitza)

Aurten, lehenengo aldiz, Saninazioetako egitarau bateratua aterako dute Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak. Orain arte, Udalak laguntza ekonomikoa ematen zion Jai Herrikoien Aldeko Batzordeari eta, beharrezko instalazioak uzten bazizkion ere, bakoitza bere aldetik ibili izan da saninazioak antolatzen. Hori erakusten zuten etxera iristen ziren bi egitarauek.

Aurreko urteetan ere saiakera batzuk egon izan direla azaldu dute Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalak eta Jai Herrikoien Aldeko Batzordeko kide Leire Goenagak. Ibarzabalen esanetan, "duela bi urte gutxigatik ez" zuten egin eta, azaldu duenez, bere taldea askotan saiatu da egitarau bateratua lortzen. Goenagak, berriz, "beste urteetan Udalak preso eta iheslarien eguneko ospakizunengatik atzera botatzen" zuela azaldu zuen, "zezenketen eta prozesioen aldekoak ere herritar guztiak ez" zirela gogorarazten zieten arren.

Ekainaren erditik bileretan

Ekainaren erdi aldean joan ziren Jai Herrikoien Aldekoak Udalera, "Udala aldatu denez, gure egitaraua beren egitarauarekin uztartzeko proposatzera". Erraz lortu omen zuten akordioa. "Berandu joan ginen, beraiek dena eginda zeukaten: aurrekontuak banatuta..." azaldu du Goenagak. Honela, urteroko diru laguntza berdina emango bazaie ere, kale animazioa, esaterako, bakoitzak bere aldetik antolatu beharrean, batera antolatuko dute. Gainera, txosna gunea festetako beste gune bat gehiago izango da.

Txosnen kokapena ere aldatu egingo da. Izan ere, San Inazio eguna asteartean suertatzean, ez da azokarik egingo eta oholtza atzerago jarri ahalko da. Era honetan, hamar txosnak plaza atzean borobilean jarriko dira. Uztailaren 28an irekiko dituzte eta abuztuaren 3an kendu.

Aurten, beraz, saninazioetako egitarau bakarra jasoko da etxeetan.