Dantzak eta kantuak uztartuta, larunbat honetan

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 13a, 14:07
Itsasikoak Azpeitia dantzan-eko ekitaldi batean.

Itsasi dantza taldeak eta Julian Barrenetxea abesbatzak ikuskizuna eskainiko dute

Izarraitz Pilotalekuan izango da (Urola Kostako Hitza)

Bihar (uztailak 14, larunbata) 22:00etan, Itsasi Dantza Taldeak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak Usadioetatik Ernetuz ikuskizuna eskainiko dute Izarraitz pilotalekuan. Usadioetatik ernetuz ohitura zaharrak oinarri hartutako ikuskizuna da; batzuetan kantariak, besteetan dantzariak eta zenbaitetan bi taldeak batera ariko dira.

Hiru zati izango ditu biharko dantza ikuskizunak: lehenengoan, tradiziotik jasotako dantzak; bigarrenean, tradizioan oinarritutako koreografiak; eta, azkenean, koreografia berriak eskainiko dituzte.

Azpeitia dantzan

Urtero saninazio jaien bezperatan Azpeitia dantzan ekimena antolatzen dute. Itsasik eta Julian Barrenetxeak eskainiko duten ikuskizuna ere ekimen horren baitan antolatu dute.