Larunbatean Gaztetxearen II. urteurrena ospatuko dute

Uztarria.eus 2007ko uzt. 13a, 15:07

Ekitaldi desberdinak egin dituzte aste honetan zehar eta, larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute

Baltsa jaitsiera, bazkaria, triki poteoa eta kontzertuak izango dira bihar, larunbata

Azpeitiko Gaztetxeak bi urte beteko ditu hilaren 15ean, igandea. Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Gazte Asanbladakoek. Bihar, larunbata egun handia izango da gaztetxekoentzako. Egun osoko egitaraua prestatuta dute, dagoeneko. 11:00etan ekingo diote Urola ibaian baltsa jaitsierari plaza atzetik. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da gaztetxean. Bazkalostean, 17:00etan, triki poteoa abiatuko da Gaztetxetik eta 22:00etan, berriz, kontzertuak izango dira Gaztetxean horiek ere. Skacha (Galizia) eta Disorders (Zaldibar) taldeek joko dute.

Bazkarirako eta kontzertuetarako txartel bera izango da. Ikasle eta langabetuek 8 euro ordaindu beharko dituzte eta langileek, berriz, 10 euro.

Urteurrenaren ospakizunetan, hala ere, astelehenetik bertatik hasi ziren. Joan den astelehenean ekin baitzioten pala txapelketa mistoari. Asteazkenean, berriz, kontaktuko jokoak egin zituzten gaztetxean. Gaur, ostirala, triki bertso poteoa egingo dute plazatik abiatuta, 19:00etan.