Esklerosi anizkoitzaren alde ekimena egin dute

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko uzt. 16a, 11:07

Atzo, igandea egin zuten Busti zaitez kanpaina; estali gabeko igerilekuan

Kanpaina honen helburua gizarteari gaixotasun honen berri ematea eta jendea sentsibilizatzea da

Euskal Herriko Esklereosi Anizkoitzaren Fundazioak 9. Busti zaitez kanpainarekin jarraituz, informazio mahaia jarri zuen atzo, igandea, eguerditik aurrera, kanpoko udal igerilekuan.

Kanpaina honen helburua gizarteari gaixotasun honen berri ematea eta jendea sentsibilizatzea da. Gainera, dirua ere bildu zuten Euskal Herrian gaixotasun hau dutenei zerbitzu gehiago eskaintzeko baliabideak lortzeko. Horrela lortu da, adibidez, Donostian Esklerosi Anizkoitzaren Zentroa zabaltzea.

Urtero, milaka lagunek parte hartzen dute Busti zaitez kanpainan. "Iaz, 40.000 lagunek parte hartu zuten eta aurten kopuru hori gainditzea espero dugu", adierazu dute antolatzaileek.

Igandean Azpeitian

Azpeitian atzo egin zuten ekimenari bultzada emateko, igerilekuan mugatu zuten eremuan igerian egin zuten herritarrek. Eguna bukatzerakoan, igerian egindako metroak gehitu zituzten, gaixotasuna duten lagunen aldeko ekimen sinboliko gisa. Igerilekuan busti eta parte hartu zuten guztiek jaso zuten diploma bana.

Dirua biltzeko, antolatzaileek Kukuxumuxuk diseinatutako hainbat produktu (elastikoak, txapelak...) salgai jarri zituzten igerilekuan.