Errazkin: "Guk ezin dugu gure proiektua inposatu"

Uztarria.com 2007ko uzt. 16a, 13:07

Azpeitiko alkateak dio Udalean ez direla sartu herriaren dinamika geratzeko, eta "modu gradual batean" gauzatu nahi dutela "ezker eta abertzale" politika

Elkarrizketa luzea egin dio Azpeitian zer? udal aldizkariak

"IƱaki Errazkin":http://www.uztarria.com/albistiek/1181992067 Azpeitiko alkateari (EAE-ANV) elkarrizketa luzea egin diote Azpeitian zer? udal aldizkarian, eta hona hemen zati batzuk.

Jarrera
"Oso kontziente gara herri honetan iritzi eta ikuspuntu ezberdinak daudela. Hauteskundeek hori erakutsi dute. EAJ ere 3.300 botorekin hor dago eta badakigu kontuan hartu behar dugula. Zentzu horretan, lasaitasuna. Denbora behar dugu hori erakutsi ahal izateko".

"Ikuspegi ezker eta abertzale batekin amesten dugu, baina modu gradual batean eta guztion parte-hartzearekin egin behar dela badakigu. Guk ezin dugu gure proiektua inposatu".

"Gu ez gara hemen sartu herriaren dinamika gelditzeko".

Etxebizitza
"Loiolako etxebizitzen proiektu hori oso aurreratuta dago eta guk ez dugu geldiarazteko inongo pausorik eman. Hain dago aurreratuta, lizentzia guztiak emanak daudela. (...) Gu ez geunden ados eremu horretan etxeak egitearekin baina proiektu hori geldiarazteak egundoko ondorioak izan ditzake Udalarentzat. Bai ekonomikoki eta bai epaitegiei begira. Beraz, proiektu horrek martxan jarraituko du. (...) Zozketa, uda ondoren, irail-aldera egingo da".

"Guk (Loiolako etxeetan) egingo dugun bakarra da babes ofizialeko etxeak ahalik eta hobekien eskaintzeko saiakera. Hortik saiatuko gara beste etxebizitza politika bat egiten. (...) Lehenik eta behin etxebizitzaren inguruko diagnosia eginda".

"Corrugadosekin harremanetan gaude eta elkarlanean ari gara (herria Frantziskanak aldera hazteko) bide hori lehenbailehen egiteko".

Industrialdeak
"Larreko eremua urteetan hor dago eta lehenbailehen aktibatu behar da martxan jartzeko. Eta Larrini dagokionez, aztertzen ari gara".

Garraioa
"Saihesbidean bi fase daude. Lehenengoa litzateke Landetakoa eta bigarrena Landetatik Azkoitira artekoa. (Hemen) gure proposamena da Garmendigainetik hasi eta Loiolara egindako azken bide hori hobetzea, Xanadu aurrean biribilgune bat eginez. Hau da, Sanjuandegi atzeik. (...) Guretzat hor dago eztabaida".

"Legealdi honetan ezinezkoa izango da (Urolako trena martxan jartzea), urte luzeetako lana delako, eta ez dago gure esku bakarrik, Eusko Jaurlaritzaren eskumena delako. Baina Urolako trena bultzatu izan dugu eta hala egingo dugu aurrerantzean ere".

Herri kontsultak
"Azpiegiturei buruz eztabaida orokor bat bultzatu behar dugu, eta eztabaida horren baitan bai N-1eko lotura eta bai saihesbidearen gaia sartuko lirateke. Jarrera ezberdinak egotea guztiz normala delakoan gaude eta herri kontsulta egitea egokia izan daiteke Udalak hartu beharreko erabakia zehazteko orduan".

Zezenketak, prozesioa...
"Ez ditugu kenduko, herritar asko horren zain edo alde daudelako. Egia da eztabaida sakonak daudela baina herritar guztientzako proiektu bat eraiki nahi dugu eta horri eusten badiogu, festetan ere bere isla izan behar du. (...) Eta hurrengoetan zer? Herriaren bilakaeraren baitan dago. Tradizioak galtzen dira edo mantentzen dira, eta ohitura berriak sortzen dira... eta pixkanaka naturaltasunez festak ere aldatzen joaten dira. Aldaketek herritik irten behar dute".