Errekortari 2007 txapelketa Azpeitian abiatuko da, datorren igandean

Uztarria.eus 2007ko uzt. 17a, 15:07
Mikel Ibartzabal, Xanet Esnaola eta Migel Zendoia gaurko aurkezpenean.

.20 errekortarik parte hartuko dute Azpeitiko zezen-plazan; igandean izango da, 18:30ean

Txapelketako hurrengo saioa Lodosan izango da eta finala, berriz, Tafallan

Gaur (uztailak 17, asteartea) aurkeztu dute Errekortari 2007 txapelketa Azpeitiko zezen-plazan. Txapelketa hiru saiotan banatuko da eta aurreneko saioa Azpeitian egingo dute datorren igandean, hilak 22. Azpeitikoaren ondoren, Lodosan izango da hurrengo saioa, abuztuaren 1ean eta horren atzetik, abuztuaren 12an, Tafallan finalak jokatuko dituzte. Azpeitiko zezen-plazako agerraldira bildu diren Mikel Ibartzabal, Xanet Esnaola eta Migel Zendoiak azaldu dutenez, "guztia prest dago" igandeko hitzordurako. 18:30ean izango da.

"Ilusio handiz prestatutako lehiaketa" dela adierazi du Migel Zendoia Azpeitiko saioko antolatzaileetako batek. Proiektu berria da errekortari txapelketa hau eta urtetik urtera proiektua finkatzen joan dadin "itxaropentsu" daudela dio.

Prestaketa lanek "ia urtebete" iraun dutela adierazi du eta "erreferente onenaren parean" jarri direla. Hogei errekortarik hartuko dute parte Azpeitiko saioan. "Punta-puntako errekortariak etorriko dira, eta Kordobako Mediodia ganadutegiko zezenak izango dituzte aurrez aurre" esan du.

Azpeitiko saiotik zortzi hoberenak sailkatuko dira abuztuaren 12an Tafallan jokatuko den finalerako. Berdin, Lodosan. Abuztuaren 1ean izango da Lodosako saioa eta han ere zortzi hoberenak Tafallarako sailkatuko dira.

Errekortari txapelketa honetako irabazleak 6.001 euro jasoko ditu. Zendoiak azaldu duenez, "orain arte, Madrilgo errekortari txapelketako irabazleak jasotzen zuen saririk hoberena: 6.000 euro eta Azpeitikoak saria berdindu ez, gainditu egingo du".

Bide batez, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete txapelketa antolatzen lagundu duten La Navarra firmari, Azpeitiko, Lodosako eta Tafallako udalei eta Eitb-ri "proiektu honetan hasieratik sinisteagatik".