Larunbatean Albaniako dantzariak egongo dira

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 18a, 12:07
Iaz, Georgiako dantzariak etorri ziren programa ixtera.

Aurtengo Azpeitia Dantzan Albaniako dantza ikuskizunarekin amaituko da

Larunbat honetan izango da, 22:00etan Azpeitiko plazan ipinitako oholtzan (Urola Kostako Hitza)

Larunbat honetan, uztailaren 21ean, amaituko da aurtengo Azpeitia Dantzan programa, Albaniako Kantu eta Dantza Elkartearen emanaldiarekin. Albaniako kanten eta dantzen ikuskizun hau 22:00etan hasiko da eta Azpeitiko plazan ipinitako oholtzan ariko dira dantzari eta kantari albaniarrak.

Albaniako folklore elkarte honek 50 urte bete ditu aurten eta mundu osoan 10.000 ikuskizun baino gehiago eskaini ditu. Albaniako talde entzutetsuenetakoa da; Albaniako artistarik onenetariko gehienak talde onetan parte hartutakoak dira.

Taldea dantzariz, bakarlariz, kantariz eta orkestra txiki batez osatua dago eta koreografia ugariz eta musika-tresna ugariz osatutako ikuskizunak eskaintzen ditu. Albaniako folklorea erakustea da taldearen helburu nagusia eta, horretarako, Albaniako hainbat eremutako koreografiak txertatzen dituzte euren ikuskizunetan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako dantzak.

Jantzi eta musika berezia

Jantziak eta musika erreportorio aberatsa izateagatik nabarmendu da elkarte hau. Izan ere, elkartearen aberastasun handienetako bat jantziena dela esan izan da. Izan ere, diseinu, apaingarri eta kolore ugariko jantzi hauek Albaniako kultura tradizionalaren goreneko baliotzat hartzen dira.

Musika errepertorio zabala du orkestrak eta, bakarlarien eta abesbatzaren laguntzarekin, dantzariek dantzatuko dituzten kantak jotzen dituzte.