75 ikasle izango ditu Helduentzako Eskola Publikoak Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 1a, 12:10
Bigarren Hezkuntzako Titulua ateratzeko izena eman duen emakume taldea, atzoko aurkezpenean.

Bigarren Hezkuntzako Titulua ateratzeko bi gela eta euskara eta gaztelania ikasteko gela osatu dira

Eskolak Perretxikoan izango dira eta irakasleen bulegoak lehenengo solairuan egongo dira (Urola Kostako Hitza)

.75 ikaslek eman dute izena Azpeitian zabaldu den Helduentzako Eskola Publikoan (HEP).

Hasiera batean, 30en bat ikaslek izena emango zutela eta bi gelarekin nahikoa izango zela uste bazuten ere, ikasle kopuru bikoitzak eman du izena HEPko ikastaroetan. Era honetan, hiru gela osatu dituzte.

Bi gela Bigarren Hezkuntzako titulua ateratzera egongo dira bideratuta: batzuk lehen mailan egongo dira; eta besteak bigarren mailan. Beste gela etorkinei hizkuntzak irakasteko izango da; euskara eta gaztelania irakasteko, zehazki.

.75 ikasle hauetatik 11 etorkinak dira eta, mementoz, hizkuntzak ikasteko programetan hasi dira guztiak ere. Bigarren Hezkuntzako Titulua ateratzeko asmoarekin hasi direnak, berriz, gehienbat emakumezkoak dira. Gazteenak 25 urte inguru ditu eta zaharrenak, berriz, 77 urte ditu. Ikasle gehienak azpeitiarrak dira, tartean zortzi edo bederatzi azkoitiar badaude ere. Bi ikastaroetan izena eman duten ikasleen %90 emakumea dela ere jakinarazi dute HEPkoek.

Eskolak arratsaldez izango dira. Bigarren Hezkuntzako ikasleen bi gelek 15:30etik 18:30erako ordutegia izango dute; hizkuntzak ikastera doazenek, berriz, 15:00etatik 17:00etara jasoko dituzte eskolak. Hizkuntzen ikastaroaren ordutegia eta asistentzia ere malguagoak izango dira. Azken batean, Bigarren Hezkuntzakoek ez bezala, hauek ez dutelako kurtso amaieran titulua lortzeko azterketarik.

Hizkuntzak ikasteko programak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Bigarren Hezkuntzako titulua lortzekoak, aldiz, ikasleek hala aukeratu dutelako, gehienbat gaztelaniaz izango dira. Hori bai, izango dituzte pare bat ikasgai euskaraz.

Azpeitiko Helduen Eskola Publikoak Oktogono edo Perretxikoan izango du egoitza. Gelak eta irakasleen bulegoak lehen solairuan egongo dira. Azpeitiko egoitzak sei irakasle izango ditu.

HEPa Azpeitian dagoen lehen urtea izatean, ikastaro kopuru mugatua ingo dute. Baina, datorren urterako Unibertsitaterako sarrera froga prestaketa eta Goi Mailako Zikloetarako sarrera froga prestaketa ikasteko aukera eskaintzea aurreikusten dute HEPko irakasleek. Irakasleek adierazi dutenez, bospasei bat etorri omen zaizkie sarrera froga hauek prestatzeko ikastaroetan izena emateko, baina Zarauzko HEPra bidali dituzte.

Atzo izan ziren hiru geletako aurkezpen ekitaldiak, eta etzitik aurrera eskolekin hasiko da. Oraindik, berez ezin bada ere, ba omen da matrikulatzeko deika ari denik ere.