'Kurro', 'Pelitxo' eta Otaegiren aldeko ekimenak egin dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2007ko urr. 1a, 14:10
Otaegirekin batera, 'Kurro' eta 'Pelitxo' ere gogoan izan zituzten Nuarben egindako omenaldian.

Anjel Otaegiren etxe aurrean omendu zituzten eraildako hiru azpeitiarrak larunbatean

Igandean, Zarautzen omendu zituzten duela 32 urte Francoren erregimenak, FRAPeko hiru kiderekin batera fusilatu zituzten Otaegi eta Txiki

Gudari egunaren harira, ekitaldi ugari izan da asteburuan. Azpeitian gogoan izan zituzten joan den larunbatean Kurro, Pelitxo eta Anjel Otaegi. Nuarben egin zioten omenaldia, Anjel Otaegi frankismoak orain 32 urte fusilatu zuen ETAko militantearen etxe aurrean. Jende ugari bildu zen omenaldira. Batzuk Azpeititik oinez, urteroko ohiturei jarraiki; beste hainbat, berriz, kotxez joan ziren. Bertsoek eman zioten hasiera ekitaldiari. Ondoren, dantzari batek aurreskua eskaini zien hiru gudariei eta horien senitartekoei. Ikus-entzunezko bat eskaini zuten geroago eta Eusko Gudariak abestuz bukatu zuten omenaldia.

Ahaztuakek Zarautzen omendu zituen

Joan den irailaren 27an bete ziren 32 urte FRAP-eko hiru kiderekin batera, Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Txiki zarauztarra Francoren erregimenak erail zituela. Atzo, igandea, Ahaztuak 1936-1977 biktimen elkarteak Zarautzen omendu zituen duela 32 urte erail zituztenak. 300 lagun inguru bildu ziren omenaldian eta 1975ko irailaren 27 hartako gertaerak ekarri zituzten gogora. Jon Maia bertsolariak, berriz, Txiki eta Otaegi goraipatzeko hainbat bertso abestu zituen. Geroago, aurreskua eskaini zieten bost fusilatuei. Omenaldiez gain, "justizia" eskatu zuten Zarautzen bildutakoek.