Lapatxek San Markosko zaborraren %50 jasotzen jarraituko du, oraingoz

Uztarria.eus 2007ko urr. 2a, 13:10

Zaborrak jasotzen dituzten mankomunitateetako buruek diote hondakin guztia jasotzeko, San Markosen erraustegia egitea bermatu behar dutela

Atzo ziren ixtekoak San Markosko zabortegia, baina desadostasunak tarteko, irekita jarraitzen du

Atzo (urriak 1, astelehena) behin betiko San Markosko (Errenteria) zabortegia ixtekoak ziren. Hura ixteaz batera, Lapatx (Azpeitia), Sasieta (Beasain) eta Urteta (Zarautz) zabortegiek San Markosko hondakinaren %100a jasotzen hasi behar zuten baina ez da horrela gertatu. San Markos irekita dago oraindik eta hango zaborraren erdia jasotzen jarraitzen dute Lapatxek eta beste biek, "behin-behinean".

San Markosko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortegak hedabideei adierazi die ez dietela zabor gehiago jasotzeko baimenik eman eta, bitartean, zabortegiak irekita jarraitu beharko duela. Izan ere, Urola Erdiko, Urola Kostako eta Sasietako mankomunitateetako arduradunek erabaki zuten San Markosko zabor gehiago ez biltzea. Ukazio hori egiteko arrazoi gisa, aurreko legegintzaldian adostutakoa urratzea jarri dute. Joan den legegintzaldian hiru zabortegien artean San Markosko zabor guztia jasoko zutela adostu zuten baldin eta gero, San Markosen erraustegia egiten bazen. Legegintzaldi berrian, ordea, San Markosko mankomunitatearen zuzendaritza aldatu egin da eta erraustegia egin edo ez hausnartu beharreko kontua dela erabaki dute.

Lapatxek eta beste bi zabortegiek, beraz, San Markosko zaborraren %50 jasotzen jarraituko dute hiru mankomunitateetako zuzendariek hala erabakita. Julian Eizmendi da Urola Erdiko mankomunitateko jarduneko lehendakaria.