Bidezko merkataritza azoka izango da larunbatean

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 3a, 11:10
Parrokiko misio taldekoak arduratzen dira jendeari produktuak eskaintzeaz eta saltzeaz.

Azokaren bitartez, herritarrei bidezko merkataritzari buruzko informazioa eta produktuak eskaini nahi dizkiete

Larunbat honetan 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era egongo da irekita (Urola Kostako Hitza)

Larunbat honetan, urriaren 6an, berriz hartuko du Azpeitiak Bidezko Merkataritza sustatzea helburu duen azoka.

Parrokiako Misio Taldeak urtean hiru bat aldiz antolatzen ditu azoka hauek: maiatza edo ekaina inguruan, urrian eta gabonetan. Gabonetakoan lokala eta guzti jartzen badute ere, urtean zeharreko biak xumeagoak izaten dira. Hala, udaletxe azpian jartzen duten postuarekin osatzen dira.

Lan honetan, Gipuzkoako Kitzin elkartearen laguntza jasotzen dute misio taldekoek. Azoka hauen bitartez, herritarrei bidezko merkataritzari buruzko informazioa eta produktuak eskaini nahi dizkiete: elikagaiak, artisau lanak eta arropak, batez ere.

Larunbat honetan, beraz, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:30era egongo da plazan bidezko merkataritzaren bidez heldutako produktuak erosteko aukera.