Anardi industrialdeko sarreran bi biribilgune egingo dituzte

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 3a, 12:10
GI-631n, Anardiko sarreran, biribilgunea egiten ari dira eta auto ilara ugari sortzen da lanen ondorioz.

Corrugados-eko labearen leku aldatzea errazteko egin dituzte biribilguneak

Aparkalekua ezker aldera pasatu dute (Urola Kostako Hitza)

Danonako autobus geltokiaren parean biribilgunea egiteko lanak aurrera doaz. GI-631 errepidean egingo den biribilguneaz gainera, ordea, Anardi industrialdean bertan beste biribilgune bat egingo da. Hala, industrialdetik errepiderako sarrera-irteeran nahiz industrialdean bertan trafikoa arintzea dute helburu.

Bi biribilgune hauek Corrugados Gallardoko labeak Lasaoko Anardi industrialdeko Trukutxo gunera eramateko proiektuaren baitan egin dira. Proiektu honen barruan daude, era berean, Danona lantokiko aparkalekua industrialdeko sarbidearen ezker aldera pasatzeko lanak ere. Lanak egiten hasteko lizentzia guztiak emanda ditu Udalbatzak.

Gallardok sarbidearen ezker aldeko lurrak erosi eta Danonari aparkalekua egingo dio. Corrugados-ek, hala, orain arte Danonako aparkalekua izan dena hartuko du. Lasaoko ur-araztegi paretik hasi eta Baiolegi baserriaren azpiko lurretan barrena eraikiko dituen labeen irteera izango da gune hori. Xanet Esnaola alkateordeak azaldu duenez, "labeak tokiz aldatzen laguntzeko urrats hau, Danonak eta Corrugados-ek aparkalekua tokiz aldatzeko lortu duten hitzarmenaren ondorioa da".

Labeak sei-zortzi urte barru

Aparkalekua tokiz aldatzen eta GI-631 errepideko biribilgunea egiten orain hasita badaude ere, oraindik sei-zortzi bat urte beharko dira Corrugados Gallardo lantokiko labeak tokiz aldatzeko.

Sei-zortzi urte hauetan, ordea, pixkanaka-pixkanaka Anardi industrialdea egokitzen joango dira Gallardoren labeak hartzeko.

Labeek hutsik utzitako lekua, berriz, Azpeitiko Udalak etxebizitzak egiteko egokituko du, Frantziskotarren komentuarekin batera.

Etxebizitzak egiten hasteko, ordea, sei-zortzi urte beharko dira gutxienez, IƱaki Errazkin alkateak "ingurune horretan etxeak eraikitzeko prozesua bizkortzeko ahaleginak egingo" dituztela adierazi bazuen ere.

Bestalde, EAEk maiatzeko hauteskundeetarako egindako herri programan aipatzen zuenez, euren asmoa litzateke Corrugados-eko labeek utzitako zati batean zaharren egoitzaren zabaltzea eta zaindutako pisuak jartzea.