Imanol Badiola itzuli da kantxara

Uztarria.eus 2007ko urr. 3a, 14:10

Orgatilako lesio batek eraginda, hiru hilabetez egon da partidurik jokatu gabe erremontista azpeitiarra

Atzo, Bereziartua bikote zuela, Galarretako pilotalekuan partidua irabaztea lortu zuen

Imanol Badiola erremontista atzo (urriak 2, asteartea) itzuli zen Galarreta pilotalekuko (Hernani) kantxara, hiru hilabetean lesionatuta egon ondoren. Orgatilako uztarduran izandako lesio batek urrundu zuen azpeitiarra hiru hilabetez erremontetik. Atzokoa izan zen lesioaren ondoren jokatu duen lehen partida eta badirudi berriz ere sasoian jarri dela. Bereziartua bikote zuela, 40 eta 34 irabazi zien Sarasua eta Joni.

"Oso gustura" azaldu da Badiola atzoko partidaren ostean. "Beldur pixka batekin joan nintzen partidura. Ez nekien orgatilak nola erantzungo zidan. Oso ondo sentitu naiz eta partida irabaztea lortu dugu" dio. Orgatilako uztarduran zuen lesioa konpontzeko operatu egin zuten eta hiru hilabete egin ditu errehabilitazioan, partidurik jokatu gabe. "Errehabilitazioa gogorra izan da, baina merezi izan duela uste dut".