Otamendi, Aristi, Elustondo eta Aranaren liburu berriak kaleratuko dituzte udazken honetan

Uztarria.eus 2007ko urr. 4a, 12:10

Jose Luis Otamendik Erlojuen mekanika poesia liburua aterako du

Pako Aristik saiakera arloan eta haur eta gazte literaturan, liburu bana aterako du; Aitor Aranak saiakera eta kazetaritza arloan; Miel A. Elustondok ere liburu bat aterako du

Badira bi aste udazkenean sartu ginela. Udazkenak berekin ekarri ohi ditu azkenaldian hain estimatuak bihurtu diren perretxikoak. Baina ez dira udazkenean loratzen diren bakarrak. Euskal literaturan ere liburu ugari loratzen baitira udazkenean. Horien artean, lau azpeitiarrenak: Jose Luis Otamendi, Pako Aristi, Aitor Arana eta Miel A. Elustondorenak.

Poesia arloan aritu da Otamendi bere azken liburu honetan. Erlojuen mekanika izena du liburuak eta Susa argitaletxeak argitaratuko du.

Pako Aristik bi liburu plazaratuko ditu: bata, Udan lana egiten zuen gizona, saiakera, kronika eta kazetaritza arloan eta bestea, ‘Miren nunca mais’, haur eta gazte literaturan. Erein argitaletxeak argitaratuko du aurrena eta Elkarrek bigarrena.

Aitor Arana, Urrestillan bizi den idazleak Oscar Wilde euskaraz (1927-2007) liburua argitaratuko du saiakera, kronika eta kazetaritza arloan eta Hiria argitaletxearen bitartez.

Miel A. Elustondok Western Basque Festival liburua aterako du, Susarekin.