Mikel Zubimendi Azpeitira atxilotuta ekarri du gaur Poliziak, eta haren etxea miatu dute

Uztarria.com 2007ko urr. 5a, 12:10
Mikel Zubimendi.

Batasuneko Mahai Nazionalaren kontrako operazioan atzeman zuten atzo gauean

Bergararra da Zubimendi, baina Azpeitian bizi da duela urte batzuetatik

Azken albistea (hilak 8, 9:25). Garzonek kartzelara bidali du

Batasuneko Mahai Nazionalaren 23 kide atxilotu zituen atzo (osteguna) gauean Seguran eta Olabarrian (Gipuzkoa) Espainiako Poliziak, eta haien artean da Mikel Zubimendi. Bergarakoa (Gipuzkoa) da izatez Zubimendi, baina duela hiru bat urtetik Azpeitian bizi da, Sanjuandegin, Marijo Segurola neska-lagunarekin.

Zubimendi gaur goizeko seirak aldera Azpeitira etxera atxilotuta ekarri du Espainiako Poliziak, eta etxea miatu dute. Ordubete inguru iraun du miaketak, uztarria.com-ek jakin duenez, eta herritar batzuen protesta artean egin dute.

Polizia-eta etxera iritsi direnean, Zubimendiren neska-laguna ez zegoen bertan, euren hilabete gutxiko haurrarekin gurasoen etxera joan zelako atzo albistea jakin ondoren. Miaketa egiten ari zirela jakin bezain laster, IƱaki Errazkin Azpeitiko alkatea hara joan da, baina ordurako joanda zen Polizia Batasunaren buruzagiarekin.

Gaur 19:30erako batzarra antolatu dute Azpeitian, plaza nagusian. Ondoren manifestazioa egingo dute, Amnistiaren Aldeko Mugimenduek deituta.

Atxilotuen artean daude Joseba Permach, Juan Kruz Aldasoro, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Ibon Arbulu, Imanol Iparragirre, Jon Garai, Patxi Urrutia, Aner Petralanda, Ana Lizarralde edota Arantza Santesteban. Haien etxeak ere miatu dituzte.

Garzonen agindua

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eman du Batasunaren Mahai Nazionala harrapatzeko agindua. El Pais egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotutako guztiak bilera egiten ari ziren, ustez Mahai Nazionaleko karguak berritzeko.

Garzonek 35/2002 auzia zuzentzen du Batasunaren kontra, ETArekin lotura duela argudiatuta. Duela bost urte ebatzi zuen Batasunaren ekinbidearen etena. Orain esan duenez, "legez kanpoko aktibitateak" egiten ari ziren alderdi abertzaleko buruzagiak. Hari jarraiki, ekinbidea etenda izaki, atzo buruzagitzak eginiko bilkurak "legea urratu" egiten du.

Informazio gehiago: Berria, Gara, eitb24.com, El Pais.

Azken albistea (hilak 8, 9:25). Garzonek kartzelara bidali du. Baltasar Garzon epaileak Soto del Real (Espainia) kartzelara bidali zuen atzo (igandea) Mikel Zubimendi, "erakunde armatuko kide" izatea leporatuta. Batasunaren beste 16 buruzagi ere bidali zituen. Informazio gehiago hemen.

300 lagun bildu dira manifestazioan (hilak 5, 20:15). Atxiloketez plazan batzar informatiboa egin ondoren, 300 lagun inguru bildu dira manifestazioan gaur (ostirala), Amnistiaren Aldeko Mugimenduek deituta. Espainiako Estatuaren "errepresioa" salatu dute eta atxilotuak aske uzteko exijitu.

Bihar (larunbata) ere egingo dute manifestazioa, baina ez hasieran aurreikusi bezala Azpeitian, Donostian Gipuzkoa herrialdekoa baizik (17:30). Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere egingo dituzte bihar.