Aurrekontuan aurreikusten zen baino diru gehiago gastatu du aurten Udalak

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 6a, 20:10

Ondorioz, ia hiru milioi euroko mailegua eskatuko du

Igoeraren eragile nagusiak eraikuntza eta hiritartze lanak izan dira (Urola Kostako Hitza)

.2007rako aurrekontuan aurreikusten zen baino diru gehiago gastatu du aurten Udalak. Ondorioz, Udalbatzan hala onartuta, 2008rako kreditua aldatuko du; hala, 2.950.595,32 euroko igoera izango du aurreikusitako maileguak.

Kreditu aldaketa horren igoeraren eragile nagusiak eraikuntza eta hiritartze lanak izan dira. Hala, igoeraren %75 dagokie eraikuntza eta hiritartze lanei; eta gainerako %25a, mantentze lanei eta gizarte segurantzako gastuei dagokie.

Bidegorria esaterako, hasieran saihesbide ondokoa, Landetatik Euskal Herria pareko biribilgunera artekoa egitea aurreikusten zen. Gero, ordea, Perretxiko aurreko zatia ere egin zen. Eta horrela, hainbat hiritartze eta eraikuntza lan garestitu egin dira.

Zerga agintarauan aldaketak

Hurrengo urteko zerga agintarauan ere aldaketak gertatu dira. Zerga gehienei urteko KPI bakarrik gehitu bazaie ere, egon dira igoera handiagoa jasan duten zergak ere.

Ondare Higiezinen Gaineko Zergan, kontribuzioa deitu ohi denean, etxebizitza izatearren ordaindu beharrekoa iazko bera izango da aurten; ez zaio urteko KPI erantsiko. Landa eremuko higiezinen, baserrien eta industriako higiezinen zergari, ordea, aurten KPI gehituko diote. Etxebizitzari ez zaio KPI gehitu, inguruko herriak baino kopuru handiagoa ordaintzen delako. Landa eremuan, ordea, urteak ziren zerga hau igotzen ez zela.

Urteko KPI kalkulatzerako orduan, abuztuko datua hartu dute kontuan Udaleko teknikariek; hau da, %2,2ko igoera hartu da oinarritzat.

Ibilgailuak izatearren ordaindu beharreko zerga, berriz, %1,2 igoko da.

Uraren zergari ere urteko KPI gehituko zaio; hori bai, 30 metro kubikotik gora gastatzen dutenei, KPIaz gain zentimo bat gehituko zaio pasa duen metro kubikoko muga bakoitzeko.

Zaborraren zerga %4 igoko da. Izan ere, birziklatzeko ohitura sustatu nahi dute horrekin. Honela, zaborraren zerga 70 eurokoa izatetik 74,92 eurokoa izatera pasatuko da datorren urtean.

Zerga agintarauan egindako aldaketa hauek urtarriletik aurrera jarriko dira indarrean. Udalbatzak herenegun onartu zituen.