Urriaren 15etik 21era izango da 2007ko Erretiratuen Astea

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 10a, 15:10
Aginagarako eta Kirurirako txartelak erosi daitezke dagoeneko Aitonena I-eko egoitzan.

Parkinsonari eta larrialdiei buruzko hitzaldiak, karta jokoko txapelketak eta jatorduak izango dira aste osoan zehar

Ostegunean Aginagara joango dira eta han afari-merienda egingo dute (Urola Kostako Hitza)

2007ko Erretiratuen Astea antolatu dute Aitonena Erretiratuen, Alargunen eta Pentsiodunen elkartekoak .

Urtero, urri inguruan, aste osorako egitaraua prestatzen dute, eta aurten urriaren 15etik 21era izango da Erretiratuen Astea.

Ekitaldiak bai Plaza Txikiko Aitonenan, Aitonena I-en, eta bai Sanjuandegiko Aitonenan, Aitonena II-an, antolatu dituzte.

Irteerei dagokienez, ostegunean Aginagara joango dira autobusez eta han afari-merienda egingo dute sagardotegian. Izena eman daiteke dagoeneko eta 8 euro kostatuko da.

Igandean izango da aste honetako egun handia, goiz-goizetik hasiko baitira ekitaldiak. Gero, Kirurin bazkaria egingo dute eta Juan Mateos, Santa Larizgoitia, Maria Etxabe, Enrike Zurutuza, Jesus Urbieta eta Justo Gurrutxaga omenduko dituzte bazkalondoan, 90 urte bete dituzte eta. Bazkarirako txartelak 26 euro balio du eta salgai daude dagoeneko.

Egitaraua

Urriak 15, astelehena

.16:30. Parkinsona eta gizartea hitzaldia, Aspargi elkartearen eskutik, gaztelaniaz. Aitonena I-eko batzar aretoan.

.18:00. Txokolate jana Aitonena I-ean eta II-an.

Urriak 16, asteartea

.15:30. Mus eta puntu txapelketa azkarra Aitonena I-en.

.17:00. Larrialdiak hitzaldia, Julian Bereziartuaren eskutik, Aitonena I-eko batzar aretoan.

Urriak 17, asteazkena

.17:30. Gizonezkoen zein emakumezkoen Bolo txapelketa azoka plazan.

Urriak 18, osteguna

.16:30. Aginagara ibilaldia; autobusa plaza atzetik irtengo da.

Urriak 19, ostirala

.17:00. Bingoa Aitonena I-en. Azken partidan opariak banatuko dituzte.

Urriak 20, larunbata

.16:30. Aitonena II-an tuteko txapelketa azkarra.

Urriak 21, igandea

.10:30. Kalejira Plaza Txiki inguruan, mezaren aurretik.

.11:00. Meza hildako erretiratuen alde, parrokian.

.12:00. Hamaiketakoa, Aitonena I-en.

.14:00. Bazkaria Kiruri jatetxean. Sei kide omenduko dituzte eta oroigarriak emango dizkiete.

Kirurira joan eta etortzeko autobus zerbitzua ipiniko dute. Bazkariak 26 euro balio du.