Mobilizazio eguna deitu dute ostegunerako

Urola Kostako Hitza eta Uztarria 2007ko urr. 10a, 14:10
Mobilizazio eguneko ekitaldietan parte hartzeko dei egin zuten.

.12:00etatik 13:00era lanuztea deitu dute azken egunotan izandako atxiloketak salatu eta Euskal Herriak bizi duen gatazka gainditzen laguntzeko

19:30ean manifestazioa abiatuko da plazatik (Urola Kostako Hitza)

Mobilizazio eguna deitu du Azpeitiko Ezker Abertzaleak ostegunerako, urriak 11. Hala adierazi zuten atzo, asteartea, Aitonenan emandako prentsaurrekoan. Ezker abertzalearen ustez, pasa den ostegunean Espainiako gobernuak "Euskal Herriaren alde lanean" ari diren 23 militante "bahitu" zituen eta, horrela, Espainiako gobernuak "Euskal Herriarekin duen gatazka konpontzetik urruntzen duen bideari ekin dio".

Era berean, "harrigarria" da "eraso" honen aurrean EAJk agertu duen jarrera, ezker abertzalearen ustez, "iruzur politiko berri batetarako aukera aprobetxatzeko erabili baitu". Beraien iritziz, gatazka gainditzeko, aukera politiko guztiak ahalbideratuko dituen testuingurua sortu behar da, eta "herriari hitza eman". Atzoko prentsaurrekoan adierazi zutenez, ezker abertzaleak independentziaren proiektua ahalbideratuko duen "marko demokratikoa eraikitzeko lanean tinko eta gogotsu" jarraituko du.

Amaitzeko, Azpeitiko ezker abertzalearen ustez garrantzitsua da "une gogor hauetan norberak bere eremuan Euskal Herriaren alde bere bultzadatxoa ematea". Bestalde, dei egin zieten herritarrei Independetziari ateak ireki. Gora Euskal Herria askatuta! lelopean biharko antolatu duten mobilizazio eguneko ekitaldietan parte hartzeko.

Lanuztea deitu dute 12:00etatik 13:00etara. Bitarte horretan kontzentrazioak egingo dituzte plazan eta Landetako biribilgunean. Arratsaldean, berriz, 19:30ean manifestazioa abiatuko da plazatik.