EAJk dio arau ordezkatzaileak argitaratuta baleude, Auzarazako arazoa konponduta legokeela

Uztarria.com 2007ko urr. 10a, 20:10

Espainiako Auzitegi Gorenak Auzarazako etxeak eta hango hiritartzea legez kanpo jo ditu

Udal berriak arauak oraindik ez argitaratzea "oso larria" dela uste du EAJk; "proiektuak atzeratzen ari dira"

Espainiako Auzitegi Gorenak Auzarazako etxeak eta hango hiritartzea legez kanpokotzat jo berri ditu eta, horren aurrean, Azpeitiko EAJk dio joan den apirilean Udalak onartu zituen "arau ordezkatzaileak publikatuta egongo balira, etxe horien arazoa konponduta" egongo litzatekeela.

Arauen dokumentua uztailetik udaletxean dagoela salatu du EAJk. "Herritarren artean kezka handia sortu da. Hori dela-eta oso larria da EAJri alkateak inongo azalpenik eman ez izana. Alkateari bi aldiz galdetu genion zergatik ez dituen publikatu arau ordezkatzaileak, eta bietan aztertzen ari omen direla erantzun digu”, dio EAJk.

Udal gobernu berriaren "eginbeharra arauak argitaratzea eta ahal den azkarren indarrean jartzea" dela irizten diote jeltzaleek, bide batez. "Proiektu asko atzeratzen ari da; besteak beste, Larringo industrialedea eta San Migueleko etxeak".

Uztaro Haurreskola eta Miren Odriozola

Lehengo osteguneko udalbatzan kreditu aldaketa proposatu eta EAE-ANV, EA eta EB-Aralarren bozkekin onartu zen puntuan EAJ abstenitu egin zen, "partida bat Uztaro Haurreskola handitzeko erabiltzea nahiago" duelako. "Kreditu aldaketan proposatzen zenarekin ados gaude, baina Uztaro Haurreskola handitzea herriak duen premiazko egitasmoa dela iruditzen zaigu; horregatik abstenitu ginen”.

Udalbiltzako kide Miren Odriozolarentzat fiskalak eskatutako zigorra dela-eta udalbatzan aurkeztu zen adierazpena "puntualizazio batekin onartu" zuela adierazi nahi du EAJk. “Idatzian, besteak beste, konponbide politikoa elkarrizketarekin etorriko dela esaten zen. Baina indarkeria dagoen bitartean ez da egongo elkarrizketarik eta ETA desargertzea ezinbestekoa da".