Gorka Karapeto bigarrena izan da Espainiako Kopan

Uztarria.eus 2007ko urr. 11a, 13:10

Terrassan (Katalunia) jokatu zen asteburuan Eskaladako Espainiako Kopa

Eskalatzaile azpeitiarrak maila ona erakutsi zuen; 18 urtez azpikoetan, berriz, Maite Etxezarreta bigarrena izan zen

Joan den asteburuan Terrassan (Katalunia) Eskaladako Espainiako Kopa jokatu zen. Euskal Mendizale Federazioko ordezkariek ere lehiaketan parte hartu zuten, eta horien artean, protagonista nagusia azpeitiarra izan zen. Gorka Karapetok bigarren sailkatzea lortu zuen. Ramon Julian Ramonet Kataluniako eskalatzailea eta egungo munduko eskaladako txapelduna izan zen aurrena eta haren ondoren sailkatu zen azpeitiarra.

Sasoi betean zegoela erakutsi zuen Karapetok eta oso erakustaldi ona eskaini zuen. Azpeitiarraren atzetik sailkatu zen Munduko Txapelketako beste finalistetako bat, Toledoko Eric Lopez.

Karapeto ere irailean jokatu zen Munduko Txapelketan parte hartzeko aukeratua izan zen hasiera batean. Gero, ordea, FEDMEko hautatzaileak, azkeneko momentuan, txapelketatik kanpo utzi zuen.

Maite Etxezarreta ere bigarren bere kategorian

.18 urtez azpikoen kategorian, ere azpeitiar bat sailkatu zen lehen hiru eskalatzaileren artean. Maite Etxezarreta bigarrena izan zen. Finalean alde handia atera zion Etxezarretak hirugarren sailkatu zenari.