Aurtengo ardo dastaketara 18 upategi etorriko dira

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 12a, 15:10

Hilaren 20an izango da; Iaz izan zen lehen ekitaldia, eta 15 upategi ekarri zituzten

Lau gazta postu jarriko dituzte, baita Gernikako piperren eta Orioko sardinen postua ere (Urola Kostako Hitza)

Datorren asteko larunbatean (urriaren 20an), II. Ardo Dastaketa Eguna izango da, eta aurten 18 upategitako ardoa ekarriko dute, atzo (osteguna) Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalek esan zuenez. “Iaz 15 etorri ziren eta aurten 18 hauek baino gehiagok etorri nahi bazuten ere, denentzat tokirik ez zegoen eta batzuek kanpoan geratu dira”.

Batez ere, Arabar Errioxako ardoa ekarriko dute, baina Errioxako (Espainia), Somontanoko (Hueska, Espainia) eta Nafarroako ardoa dastatzeko aukera ere izango da.

Upategien postuekin batera, ordea, mokadutxoa jateko postuak ere jarriko dira plazan. Lau gazta postu jarriko dituzte herriko gaztagileek, eta Gernikako piperren eta Orioko sardinen salmahaiak ere izango dira. Pintxo bakoitzak euro bat balioko du.

Ardoaren eta mokaduen postuak 12:00etatik aurrera egongo dira zabalik eta eguerditik aurrera ardoaren txartelak eta kopak eskuratzeko postu bat egongo da. Ardoaren kopa eta bost txartel hiru eurotan emango dituzte.

Kopa bat ardoren truke txartel bat utzi beharko da, erreserbetan izan ezik. Izan ere, kopa bat erreserba hartzeko bi txartel utzi beharko dira.

Plaza girotzeko, berriz, Metal Boskotea ibiliko da kalejiran 12:00etatik aurrera. 13:00etan udaletxeko arkupeetatik eskainiko ditu bere doinuak.

Iaz 700 botila hustu ziren

Ibarzabalek “Ardo Dastaketa Eguna urteko jaien egutegian sartuta” dagoela esan zuen eta “herrian estimazio handia” duela.

Iaz “eguraldi txarra egin arren 700 botila hustu” zirela ere gogoratu zuen, eta “aurten ere arrakasta izatea” espero dutela aitortu zuen.

Odriozola Ardoak dendari eskerrak eskaini zizkion Ibarzabalek, upategiekin hartu-emanetan eman dien laguntzagatik. Bestetik, ardoa ateratzen postuetan egoteko prest daudenei parte hartzeko dei egin zien.