Fagor Ederlanek bere Euskara Plana azaldu die herriko enpresei

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 19a, 13:10
Goiko argazkian, Iñaki Errazkin alkatea enpresa arduradunentzako formazio-saioa aurkezten. Behekoan, Aitor Larrañaga Danonako administraria.

Euskara planei buruzko enpresa arduradunentzako formazio-saioa izan zen

Urtebete igaro da Azpeitiko Udalean Elegune egitasmoa martxan jarri zela (Urola Kostako Hitza)

Euskara planei buruzko enpresa arduradunentzako formazio-saioa izan zen atzo Euskara Patronatuan. Formazio saio honetara herriko enpresetako hainbat ordezkari hurbildu ziren.

Fagor Ederlaneko Euskara Batzordeko kideek beren Euskara Plana azaldu zieten, kasu praktikoen bidez, Elegune egitasmoan planak martxan dituzten, planen diseinu fasean dauden edo planik ez duten enpresetako ordezkariei.

Iñaki Errazkinek aurkeztu zuen saioa Azpeitiko Udalean Elegune martxan jarri zela urtebete dela gogoraraziz eta "Euskara Plana abian duten enpresei Fagorrekoen esperientzia lagungarri izatea espero" zuela adieraziz.

Aitor Larrañaga (Danonako Administraria)

Aitor Larrañaga Danonako administraria da eta bertako Euskara Batzordean ibiltzen da.

Noiz hasi zineten Euskara Planarekin?

Duela zortzi bat urte heldu genion, Elhuyarren eskutik, Euskara Planari Danonan. Lorpen asko izan ditugun arren, geldialdi batean dagoen arren.

Zein da zuen enpresaren egoera?

Euskararen ahozko erabilera eta ezagutza aldetik ezin gaitezke kexatu, langileen %85ak daki euskaraz. Bilera gehienak ere euskaraz egiten ditugu, erdal hiztunak tartean daudenean erdarara jotzen badugu ere. Dokumentazioa, berriz, euskaraz edo elebitan izan behar dela dugu zehaztuta. Erdal hiztun batek egina bada erdaraz egotea litekeena bada ere, gutxitan gertatzen da.

Euskara Planak garatzeko laguntzarik jasotzen al duzue erakundeetatik?

Bai, Eusko Jaurlaritzatik diru laguntzak jasotzen ditugu eta Elhuyarrek ere lagundu digu planak garatzen.