San Martin kalea autoentzat norabide bakarrekoa izango da

Urola Kostako Hitza 2007ko urr. 23a, 11:10
Atzo hasi ziren aparkalekua egokitzen. Eskuinean, bebarru aurrean, auto bat dago sarrera oztopatzen.

Aurrerantzean Hartzubitik sartu eta Foru Ibilbidea kalera irten beharko dute autoek

Espaloi gainean aparkatzea saihesteko aparkalekuak ere egokituko ditu Udalak kale horretan, kalea zabalduta (Urola Kostako Hitza)

San Martin estratan autoen trafikoa arautu du Udalak; aurrerantzean Hartzubitik sartu eta Zelai Luze aldetik, Foru Ibilbidea kalera irten beharko dute autoek. Norabide bakarrekoa bihurtuko da, alegia.

Izan ere, Udalak kexa ugari jaso du azken hilabeteetan kale horretako bizilagunen, garajeetako jabeen eta kalean ibiltzen diren oinezkoen aldetik. Asko izan dira bi aldeetan pilatzen diren autoengatik ez aurrera eta ez atzera gelditu diren autoak, baita haur kotxeekin bebarrutik irten ezinik gelditu diren bizilagunak ere.

Horregatik erabaki du Udalak kale horretan, San Martin egoitzarena zen eraikina botatzean geratu den lur eremua aprobetxatzea, eta aparkaleku bezala erabiltzea.

Trabeska aparkatuta

Atzo hasi ziren hesiarekin itxita zegoen lur zatian kotxeak baterian edo trabes aparkatzeko lekua egokitzen. Orain, lurra berdindu eta hormigoia botako dute. Lur eremu hori, berez, hiritartze lanen zain badago ere, behin-behinean aparkaleku bezala egokituko dute. Hiritartze hori, izan ere, urtebete barru egitea aurreikusten baita.

Bitartean, beraz, kalea zabaltze aldera aparkaleku bezala erabiliko da gune hori, eta espaloian autoak ez aparkatzeko piboteak jarriko dituzte.

Super BMko kamioiak

Super BMko hornitzaileen kamioiek ere etxe bazterretako hainbat hodi puskatu dute, Udalak jakinarazi duenez. Kamioi hauek, izan ere, Foruen Ibilbidetik Super BMko biltegira atzeraka sartzen ziren orain arte, eta eraikinen ertzetako hodieriak hausten zituzten, jendearentzat arrisku izateaz gain. Arrisku hau saiheste aldera, beraz, orain kamioi hauek Hartzubia kaletik sartu eta Foru ibilbidetik, Azoka Plaza atzetik, irten beharko dute.

Bestalde, Garajeetako jabeek autoak sartu eta ateratzeko izaten dituzten zailtasunak ikusita, Foru Ibilbideko sarrerako espaloian pibote bat jarriko dutela adierazi du Udalak. Garaje horietako jabeek eta administratzaileek urteetan egindako eskaerari erantzungo diote horrela, eta Foru Ibilbideko espaloi gainean aparkatzea saihestuko dute; "herritarrek ondoan geldituko den tartea errespetatzea espero dugu" adierazi zuen alkateorde Xanet Esnaolak.

Aste honetan bilduko da Udala garajeetako jabeekin, eremu honetako trafikoa arautzeko hartutako neurriekin ados al dauden jakiteko, edo beste zein neurri har daitezkeen aztertzeko. Alkateordeak argi utzi nahi izan zuen, ordea, behin-behineko neurri bat dela inguru honetan trafikoa arautzearena. Luzera begira, litekeena baita eremu horretan auzotarren autoak bakarrik ibiltzea, Alde Zaharrean bezala.