Jokin Uranga ez da sailkatu Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietarako

Uztarria.eus 2007ko urr. 29a, 12:10

Aitor Sarriegi gailendu zen atzo Zumaian egin ziren final-laurdenetan

Euskal Herriko Txapelketan ezingo du parte hartu Urangak; horretarako finalerdietara sailkatu behar zuen

Azken albistea (urriak 29, 13:00). Jokin Uranga: "Hainbeste sufritu nuen, taula gainetik jaitsi nintzenean lasaitu nintzela".

Jokin Urangak ez du aurrera jarraituko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Atzo (urriak 28, igandea) Zumaian jokatu ziren final-laurdenetan ez zuen lortu finalerdietarako sailkatzea. Aitor Sarriegi gailendu zen saioan, 497,5 punturekin. Bigarrena, 484,5 punturekin, IƱigo Manzisidor Mantxi izan zen, eta Uranga bosgarren sailkatu zen, 447 punturekin.

Saioa ikustera joan zen jendetza zela medio, saioa 20 minutu atzeratu zen. Urangaren aldeko oihuak ez ziren falta izan hura animatzera joan ziren azpeitiarren eztarrietatik, eta pankarta bat ere zintzilikatu zuten. Horiei zuzendu zitzaien Uranga saio bukaerako agurrean, esker ona erakutsiz.

Euskal Herrikoari agur

Atzoko saioaren ostean, bi urte barru Euskal Herriko Txapelketan ezingo du parte hartu Urangak. Izan ere, horretarako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietara sailkatu behar zuen.

Azken albistea (urriak 29, 13:00). Jokin Uranga: "Hainbeste sufritu nuen, taula gainetik jaitsi nintzenean lasaitu nintzela".

Atzoko saioaren biharamunean Urangak "barrua husteko gogoz" dagoela adierazi du. Ez du sasoi betean harrapatu txapelketak Azpeitiko bertsolaria. Horretarako, "txapelketan zeharo zentratuta" egotea ezinbestekoa dela dio. Zentratuta egoteak, hala ere, asko eskatzen du: Urangak dioenez, "txapelketak izan behar du lehentasun momentu horietan eta hainbat egoera tarteko, ez nengoen guztiz zentratuta".

Haren arabera, "bertsolariak baino gehiago pertsonak gara bertsotan aritzen garenak eta pertsona guztioi gertatzen zaigun bezala, momentu batzuek ondo harrapatzen gaituzte eta beste batzuek ez hain ondo". Sufritu zuela aitortu du Urangak atzoko saioaz: "hainbeste sufritu nuen, taula gainetik jaitsi eta lasaitu egin nintzela, behintzat bukatu da esan nion nire buruari". Ataungo sailkapen fasean lortu zuen final-laurdenetarako txartela. Urangaren esanetan, "txapelketan aurrera egin ahala, banekien erortzeko arriskua nuela, guztiz zentratuta ez nengoelako".

Bi urte barru Euskal Herriko Txapelketan ez du parte hartuko eta horrek, garaia heltzen denean, "pena" emango diola esan du. Dena dela, meriturik ez die kendu nahi izan gainerako bertsolariei eta "oso maila ona" dagoela aitortu du.