Nik zu behar zaitut

Urola Kostako Hitza | Gizartea | Artikulua
2007-11-30 09:11

Sofia Garciaren mundua, etxeko mundua, duela zortzi urtetik aldatu egin da, senarra alzheimerrarekin gaixo baitu

Sendian programako Azpeitiko ikastaroetara joaten da Sofia, senarra ahal duen eta hobekien zaintzen ikasteko

Goiko argazkian, Sendian programakoak herritar bati laguntzen. Behekoan, Ana Agirre eta Cinzia Sannino Sendian programaren aurkezpenean.  Argazki originala

Duela zortzi urte Faustinori al- zheimerra zuela esan zioten, halaxe dio Sofia Garcia Sanchez azpeitiarrak. Emazteak. "Hasieran medikuak hala esan zion, alzheimerra zuela ematen zuela, hasita edo hastear. Tratamendua jarri eta oso ondo egin zion. Bost urtez nahiko ondo, baina duela bi urtetik gaur egunera arte beheraka egin du". Etxeko korridorean erori eta besoa hautsi zuen Faustinok, eta ordutik behera eta behera egin duela dio emazteak; "besoa hautsi izanak asko eragin zion". Senar-emazteak bakarrik bizi dira, gaur egun, gaixotasunarekin.

Faustinok 74 urte ditu, Sofiak 71. Batak bestea behar du. Faustinok, batez ere, Sofia. "Nik ezin dut senarra egun batzuetarako egoitzara eraman nik libre izateko eta oporretara joateko. Ez eta ez. Nik horrelakorik ezingo nuke egin, ezta pentsatu ere".

Eguneko Zentrora hasi zuten Faustino. Sofiak gaizki pasatu zuen orduan, gogorra egin baitzitzaion senarra eguneko zentrora eramatea. "Oso-oso gogorra egin zitzaidan senarra eguneko zentrora eramatea. Berak ez zuen gaixo zegoenik ematen... Pena handia eman zidan. Hala ere, eguneko zentroan oso ondo dago eta on egiten dio". Tarte hori Sofiak berarentzat hartzen du, paseo txiki bat egin eta lanera ere joaten da.

"Familia on batean lana topatu nuen, eta dirua ere ondo etortzen da. Senarrak 600 euroko paga du, eta 600 eurorekin mirari handirik ezin da egin. Diruaren erdia eguneko zentroa eta etxez etxeko laguntza ordaintzeko behar izaten da. Nahi edo ez lan egin behar da al den bitartean", dio. "Horixe da nire bizitza, ezin dut gehiago egin. Gogorra da".

Faustinok behera eta behera egin du, "alzheimerra halaxe da, behera egiten du pertsonak. Dena den, ondo jan eta lo egiten du, eta lasai-lasai dago". Eguneko zentroaz gain, etxez etxeko laguntza ere jasotzen dute Faustinok eta Sofiak: "Goizetan eta gauetan neska bat etortzen da guri laguntzera. Goizean senarra jantzi eta prestatzen laguntzen dit eta gauean oheratzen. Horixe da daukadana".

"Asteburuetan neurekin"

Laguntza beharrezkoa dela dio Sofiak. Larunbat eta igandetan senarra ez du eguneko zentrora eramaten, "neurekin etxean edukitzen dut, baina gainontzean niretzat egun guztiak berdinak dira, berdin-berdinak. Nora joan behar dut nik berarekin...".

Sofiari senarraren mende egoteak asko eragin dio. "Senarraren gaixotasunak niri ere asko eragin dit, baina pixkanaka-pixkanaka horrekin bizi behar dudala neureganatu behar izan dut. Gaixoari eta etorri zaizunari aurre egin behar diozu, zer erremedio! Hasieran oso gogorra da, baina gero aurrera egin beharra dago".

Alaba bat daukate, Madrilen bizi da. "Alabak ere ezin digu asko lagundu, erizaina da eta Madrilen La Paz-en egiten du lan; bi seme ditu, gainera". Oporretan etortzen da gurasoengana: "Orain gabonetan etorriko da, baina eguberritan lana egin beharra dauka eta ez dakit noiz etorriko den".

"Gaixotasunak etxe bat aldatzen du". Lehen senar-emazteak, biak, ateratzen ziren paseatzera. Madrilera joaten ziren alabarena, Errioxara... "Orain etxetik ezin irten. Baina igogailua daukagu eta gaitzerdi".

Aurrera egitea da Sofiaren helburua, "orain bezalaxe aurrera egin eta orain bezalaxe jarraitzea. Lasai egoten da eta hori asko da, gerra ematen hasiko balitz...".

Sendian programako Azpeitiko ikastaroetara joaten da Sofia: "Gauzak azaltzen dizkigute eta ondo datozkigu etxean gaixoak ditugunoi". Senarra al duen eta hobekien zaintzeko eta ikasteko doa Sofia ikastaroetara.

Menpekotasuna dutenak etxean dituztenentzat laguntza berriak

Estatu mailan, mendekotasuna dutenak etxean zaintzen dituztenei diru laguntza berriak ematen hasiko dira

Espainiako Gobernuak mendekotasuna duten pertsonak etxean dituztenentzako diru laguntzak emateko lege berri onartu du. Hori dela eta, udaletxeetako gizarte zerbitzuetako bulegoetan herritarrak informazio eske ari dira. "Hainbat herritar etorri da Espainia mailan onartu den lege berriari buruz galdezka eta dauden diru laguntzen inguruan informatzera", dio Edurne Zubiak, Azpetiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak. Atzo, diru laguntza berri horiez informatzeko hitzaldia eman zuen Zubiak Azpeitiko Sendian programako ikastaroen baitan.

Zubiaren esanetan, Euskal Autonomi Erkidegoan menpekotasun legeari aurre hartu izan zaio hainbat laguntzatan, baita Azpeitian ere . "Arlo horretan, Azpeitian oso aurreratuta gaude eta filosofia hori azkenengo zazpi urte hauetan eman da. Mendekotasuna zutenei hainbat zerbitzu bermatu izan zaizkie, gutxieneko laguntza bat emanez, eta Sendian programan ere sartuta gaude".

Espainia mailako lege berriak, batik bat, laguntza ekonomikoak ekarriko ditu. Zubiak azaldu bezala, hiru eratako laguntzak zehazten ditu estatuko lege berriak: "Batetik, etxeko senitartekoei diru laguntza eta gizarte segurantzan alta emango zaie. Bestetik, senitartekoa zaintzeko pertsona bat baldin badaukate, beste laguntza bat ematen dute; eta, hirugarrenik, baldin eta etxekoa egoitza pribatu batean baldin badago eta hiru hilabetetan plaza publiko bat eskatuta baldin badu, plaza pribatu hori ordaintzeko kopuru bat emango diote".

Neurgailu berria

Estatu mailako mendekotasunaren lege berriak neurgailu berri bat ere ezarriko du. Horren baitan erabakiko dute pertsona batek zein mailatako mendekotasuna duen. Halaxe dio gizarte langileak: "Lehen tresna bat erabiltzen zen pertsona baten mendekotasun maila neurtzeko eta, orain, estatuak beste tresna bat eman du mailaketa hori egiteko. Sei maila sailkatzen ditu: 1.1, 1.2, 2.1, 2.2, 3.1 eta 3.2. Aurten diru laguntza kobratzeko eskubidea daukatenak 3.1 eta 3.2 mailakoak izango dira; menpekotasun handiena dutenak. Datorren urtetik aurrera, berriz, 2.2. mailakoak hasiko omen dira laguntzak jasotzen. Oraindik, 2.2koen laguntza zenbatekoa izango den ez dakigu". Baina diru laguntzak etxeko diru sarreren arabera banatuko dituzte; "laguntzak eta diru sarrerak lotuta daude". 3.2 mailako mendekotasuna dutenek 780, 487 edota 780 euro arteko diru laguntzak izango dituzte eta 3.1 mailakoek 585, 390 eta 585 euro artekoak.

Diru laguntzak jasotzeko senidetasuna izan behar da mendekotasuna duen pertsonekiko. Gainera, mendekotasuna duen pertsona bizi den etxean erroldatuta egon behar da. Laguntza mendekotasun maila eman eta hurrengo hilabetetik aurrera kobratzeko eskubidea dago.

Urtarriletik indarrean

Oraindik mendekotasun lege berria ez dago indarrean, baina hau onartuta dago eta boletinean argitaratzen denetik hilabetera jarriko dute martxan. "Uste dugu orain programa informatikoak prestatzen ari direla, eta esan digute urtarrilean martxan jarriko dutela lege berria", azaldu Zubiak.

Estatu mailako diru laguntza berri hauek arrakasta izango dutela uste du Zubiak. Herrian menpekotasuna duten pertsonak dituzten familia asko daudela diote Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzukoek. Eta, orain, laguntza berri hauekin, beste batzuen berri izango dute: "Gipuzkoan, adibidez, ikusten ari dira mendekotasun maila nahiko handiko pertsonak daudela".

Ana agirre - Ingemako koordinatzailea: "Sendian programak harrera oso ona du, behar handia baitago"

Azpeitian Sendian programa martxan da adineko ezinduen senideei prestakuntza eskaintzeko

Ana Agirre (Azkoitia, 1964) Ingemako (Matia Institutu Gerontolojikoa) koordinatzailea da, eta Azpeitian martxan dagoen Sendian programaren baitan lanean ari da. Sendian Foru Aldundiaren programa da eta, lehiaketa publiko bidez, Ingemak kudeatzen du. Programa honen bidez, adineko ezinduak zaintzen dituzten familientzako prestakuntza ikastaroak eskaintzen dituzte.

Urola Kostan zenbat herritan ematen duzue programa hau?

Gipuzkoa osoan ematen da programa hau, baina irailetik proiektua garatzeko bidean gaude. Duela 11 urte sortu zen Sendian proiektua, eta oso garapen ezberdina eta desorekatua izan du hainbat eskualdetan. Orain beste garapen bat izatea lortu nahi da. Guk hiru arlo kudeatzen ditugu: formakuntza, laguntza psikologikoa eta laguntza taldeak. Formakuntza Azpeitian bakarrik eman izan da eta datorren urterako Zumaiako Udalarekin dagoeneko hitz egin dugu. Zarautzen, berriz, laguntza talde bat dago. Dena dela, gainontzeko herrietan oraingoz ez dago ezer martxan.

Azpeitian zenbagarren aldiz antolatu da formakuntza ikastaroa?

Ez dakit, gure esperientzia lehenengoa da, irailean hasi ginen. Baina laguntza talde bat aspalditik ari da lanean. Bertan, 14 lagun inguru elkartzen dira Aitonenako lokalean, eta hamabostean behin egiten dituzte bilerak. Psikologo batekin elkartzen dira, Gloria Martinekin, eta honek saioak errezten dizkie. Gipuzkoan memento honetan zortzi laguntza talde daude eta horietako bat Azpeitian dago. Laguntza taldeak hainbat urte daramatza martxan.

Sendian programak zer moduzko harrera du?

Harrera oso ona du. Izan ere, behar izugarria dago.Mendekotasuna duten adinduak zaintzen dituzten senideentzat oso gogorra da, eta dementzia bat badute, izugarrizko lana da, beste pertsona batean bilakatzen baitira. Izateko eran aldaketak izaten ditu adinduak eta oso gogorra izaten da. Sendian programa, beraz, mendekotasuna duten gaixoen senide hauei laguntzeko modu bat da. Bide batez, euren lana errezteko zenbait tresna ere eskaintzen zaizkie pertsonai haueri.

Ikastaro hauen helburua zein da?

Mendekotasuna duten pertsona helduen zaintzaile informalei laguntza ematea. Bai formakuntzaren bidez, bai laguntza emozionalaren bidez, bai bakarkako laguntza psikologikoaren bidez. Sendian programaren baitan, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dira: asteburuetako egonaldiak; eguneko zentroak; zahar egoitzak; hamabost egun edo hilabeteko egonaldiak zahar egoitzetan; eta laguntza ekonomikoak. Azken hauek guk ez ditugu kudeatzen, baina Sendian programaren baitan sartzen dira.

Zein dira etxean menpeko pertsonak dituztenen kezkak?

Askotan beldurrez izaten dira, beraiek uste baitute huts egingo diotela senideari. Leher eginda izaten dira gehienak psikologikoki, baita fisikoki ere. Emozionalki oso gaizki izaten dira gehienak. Menpeko pertsona hori zaintzeko, beraiek ondo egon behar dutela ikusten dute; baina askotan konturatzen dira beraiek ere ez daudela ondo. Hori izaten da beraien kezka nagusia. Bestalde, kezka ekonomikoa ere handia izaten dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa