Elkarretaratzea egin dute plazan, Frantziako atentatuan zauritutako guardia zibila hil dela-eta

Uztarria.eus 2007ko abe. 6a, 14:12
Azpeitiko gaur eguerdiko elkarretaratzea.

Joan den larunbatean tiroka zauritu zuten guardia zibila hil dela jakinarazi ostean deitu dute Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek elkarretaratzeak

Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko "oztoporik nagusiena" indarkeria dela adierazi du Azpeitiko EAJk

Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek (EAEko udalen erakundea) deituta, elkarretaratzea egin dute gaur (abenduak 6, osteguna) Azpeitiko plazan Frantziako atentatuan zauritutako guardia zibila (Fernando Trapero) hil dela-eta. Trapero atzo hil zen, larunbatean Frantzian izandako atentatuak eragindako zaurien ondorioz.

.40 bat lagun bildu dira Azpeitiko plazan; haien artean zeuden EAJren eta EAren Azpeitiko zinegotzi batzuk.

Astelehenean (abenduak 3) beste elkarretaratzea egin zuten Azpeitian Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek deituta, Frantziako atentatua salatzeko. Frantziako Capbretoneko atentatutan Raul Centeno guardia zibila hil eta Fernando Trapero haren lankidea larri zauritu zen. Baionako erietxean bost egun igaro ondoren, Trapero atzo hil zen.

Bakea lortzeko "oztoporik nagusiena indarkeria" dela esan du Azpeitiko EAJk

Azpeitiko Udaleko EAJk komunikatu bat atera du azken egunotako gertaeren harira, eta "ETAk abenduaren 1ean Capbretonen egindako erailketen aurrean", Azpeitiko EAJk elkartasuna adierazi die hildako bi guardia zibilen senitartekoei. EAJren arabera, "bizitza da giza eskubide aurrena, gorena" eta larunbateko atentatuak "eskubide horren aurka" jo eta "herriaren borondate nagusia mespretxatu" egiten du. Ildo beretik, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko "oztoporik nagusiena indarkeria" dela gaineratu dute. "Gizarte osoak, halaber, udal hautetsi garenok eta alderdi eta eragile politiko guztiok gaitzetsi behar dugu ETA eta indarkeria behin-betikoz utz dezan exijitu".

Azken egunotan izandako atxiloketen haritik, Azpeitiko EAJk aditzera eman du ez duela 18/98 auzia "salatu gabe utzi nahi". "Auzi hori hasieratik epaiketa politikoa izan da, eta dena ETA da printzipioan frogatu nahian gauzatua. Gure ustez, Espainiako Auzitegi Nazionalak neurri eta oinarririk gabeko atxiloketa hauekin gatazka handitu besterik ez du egiten".

Manoli Urangari ere babesa eman nahi izan dio EAJk, joan den larunbatean bere etxean jasandako erasoengatik. "Erasoa salatu nahi dugu. Ezin ditugu onartu inoren aurka, kasu honetan hautetsi baten aurka, egiten diren erasoak".

Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela azpimarratu du EAJk. "Eskubide horrek inplikatzen duen marko juridiko-politikoa denon ahaleginarekin, elkar-errespetuan oinarritutako elkarrizketaren bidez eta bake bideetatik soilik lortuko da. Beraz, une latz hauetan, udal hautetsioak ozen gaitzetsi eta salatzen dugu indarkeria eta aipatutako printzipioen bitartez, gure helburua lortzen jarraituko dugu".