VII. San Silbestre lasterketa herrikoia iazko arrakastari eutsi nahian dator

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 7a, 11:12
Lasterketaren aurkezpenean, ezkerretik hasita, Agustin Jimenez korrikalaria, 'Urola Kostako Hitza'-ko zuzendari Amaia Mendizabal, Kirol batzordeburu Manuel Unanue, Xeyeko Joseba Agirre eta Nerea Etxeberria korrikalaria.

Abenduaren 31n izango da Xeye Atletismo Taldeak antolatutako proba

Lasterketatik jasotako dirua 'Urola Kostako Hitza'-ri laguntzeko izango da

Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldeak zazpi urte daramatza jada urteari amaiera emateko San Silbestre lasterketa herrikoia antolatzen. Gainera, kirolaren festa horrek gero eta parte-hartze handiagoa du urtez urte.

Lasterketaren funtsa "kirola egitea eta ondo pasatzea" da, Xeyeko antolatzaileek herenegun egindako aurkezpenean adierazi zutenez. Baina ondo pasa ahal izateko eta antolaketan dena egoki ateratzeko parte-hartzaileei eskaera berezia egin diete aurten: izena aurretik ematea eta lasterketa aurreko azken unera arte zain ez egotea, alegia.

Giro ona eta herrikoia

San Silbestre lasterketa "egun on bat igaro eta kirola lasai egiteko tartea hartzeko" aukera dela aipatu zuen Azpeitiko Udaleko Kiroletako batzordeburu Manuel Unanuek, aurkezpen ekitaldian.

Lasterketan parte hartuko duen Nerea Etxeberria korrikalari azpeitiarrak, bere aldetik, bereziki neskak parte hartzera animatu nahi ditu. "Gero eta jende gehiago animatzen da eta hori oso pozgarria da", gaineratu zuen.

Herriko beste kirolari batentzat, Agustin Jimenezentzat, lasterketa "berezia" da San Silbestrekoa. "Gero eta izen gehiago hartzen ari da eskualde mailan eta jendea asko harritzen da dagoen giroagatik. Oso giro berezia egoten da kalean", esan zuen Jimenezek. Bakoitzak bere erritmoan eta lagun giroan korrika egiteko aprobetxatzeko animatu zituen parte-hartzaileak.

'Urola Kostako Hitza'-ri bultzada

"Gaur egun, komunikabideek diru sarrerak behar dituzte; guk Urola Kostako Hitza herriarteko eta gertuko informazioa lantzen duen hedabide gisa ikusten dugu eta, gure aldetik, atsegin handiz laguntzen diogu Urola Kostako Hitza-ri, kirola eginez", adierazi du Xeye taldeko Joseba Agirrek. Izan ere, San Silbestre lasterketan biltzen duten dirua Urola Kostako Hitza-ri ematen dio urtero Xeyek.

"Xeyek ematen digun laguntza, babesa eta arnasa oso garrantzitsua da egunkariarentzat", aipatu zuen Urola Kostako Hitza-ko zuzendari Amaia Mendizabalek.

VII. San Silbestre lasterketa

Eguna. Abenduaren 31.
Irteera eta helmuga. Olazko Amaren Plazan.Ibilbidea. 8,3 kilometro.
Izen-ematea. Aurretik, 3 euro. Azpeitiko Aitzaki Kirolak-en, Azkoitiko Plaza Berri Sport-en, eta Urola Kostako Hitza-ren Azpeitiko eta Zarauzko egoitzetan. Lasterketa egunean bertan, 10 euro kostatuko da. Antolatzailea. Azkoitia-Azpeitia Xeye Atletismo Taldea. Babeslea: Azpeitiko Udala.
Sariak. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan, lehen hamar sailkatuek diru saria jasoko dute. Lehen sailkatuek 120 euro; 2.ak, 100 euro; 3.ak, 90 euro; 4.ak, 80 euro; 5.ak, 70 euro; 6.ak 60 euro; 7.ak, 50 euro; 8.ak, 40 euro; 9.ak, 30 euro; eta 10.ak, 20 euro.

Lasterketak

10:30. Benjamin neska-mutilak. 700 metro, itzuli bat zirkuitu txikiari.
10:40. Alebin neska-mutilak. 1.300 metro, bi itzuli.10:50. Infantil neska-mutilak. 1.900 metro, hiru itzuli.
12:00. Kadeteak. 4.150 metro, itzuli bat zirkuitu handiari.
12:00. Beste guztiak. 8.300 metro, zirkuitu handiari bi itzuli.