Maje Larrañagak mendizaleen lehendakaritza uzteko asmoa du

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 7a, 12:12
Goiko argazkian, Maje Larrañaga. Behekoan, Lagun Onak mendizaleen elkartean bazkideentzako jarri duten liburutegia eta Wi -fi gunea.

Urtero bezala Mendi Asteari bukaera emanez, Lagun Onak Mendi Bazkunak Batzar Nagusia egingo du

Bazkideei eman diete lehendakari berria hautatzeko deialdiaren berri, norbaitek aurkeztu nahiko balu horretarako aukera emanez

Maje Larrañagak Lagun Onak Mendizale Bazkunaren lehendakaritza uzteko asmoa du. Dagoeneko "lau urte bete ditu Larrañagak":http://www.uztarria.com/herri_aldizkaria/2004/47/08mendia mendizale elkartean buru. Bazkideei eman diete lehendakari berria hautatzeko deialdiaren berri, norbaitek aurkeztu nahiko balu horretarako aukera emanez. Mendizaleek hilaren 15ean egingo dute Batzar Nagusia mendizaleen elkartean bertan, 19:00etan. Batzarrean lehendakaria hautatu bakarrik ez dute egingo, ordea. Urteko balantzearen berri emango dute, baita egutegi eta ibilaldi berriak aurkeztu ere. "Aurten elkartearen beraren egoitza edo lokala berritu dugu eta horren azalpenak ere emango ditugu". Batzarra amaitzean, afaria egingo dute bertsolariekin. Afarirako aurrez izena eman behar da mendizaleen tabernan; dagoeneko afarirako zerrenda osatzen hasi dira.

Mendizaleen elkartean, elkarteko bazkideentzako txokoa jarri dute, gainera, liburutegiarekin eta Wi-fi gunearekin. "Bazkideentzako irekita egongo den gune bat da; kontsultaren bat egin nahi dutenek zabalik izango duten tokia da", dio Maje Larrañagak.

Asteartetik Mendi Astea

Asteartetik aurrera Mendi Asteko hitzaldiak antolatu dituzte mendizaleek. Aurten herritarrek presentzia nabarmena izango dute hitzal-dietan. Asteartean bertan Andoni Azpillaga Banana-k Mushing-az jardungo du hizketan, eta asteazkenean Benantxio Iruretak Peruko Andeez.

Mendi Astea

  • Abenduak 11, asteartea. D'Aran Mushing, kirola, mendia eta abentura. Hizlariak: Andoni Azpillaga Banana, Kim Calveton eta Clori. Enparan Dorretxean, 20:30ean.
  • Abenduak 12, asteazkena. Peruko Andeak 2007. Hizlaria. Benantxio Irureta. Enparan Dorretxean, 20:30ean.
  • Abenduak 13, osteguna. Un verano alpino. Hizlaria: Josune Bereziartu. Enparan Dorretxean, 20:30ean.
  • Abenduak 15, larunbata. Batzar Nagusia eta afaria bertsolariekin. Mendizaleetan, 19:00etan.