Lourdes Arrieta zena, 'Bidegileak' bilduman

Uztarria.eus 2007ko abe. 7a, 19:12

Eusko Jaurlaritzak irakasleari buruzko biografia atera du, Miel A. Elustondok eginda

Lantziegoko Ikastolaren sortzaileetakoa izan zen, eta duela bi urte hil zen, auto istripuan

Eusko Jaurlaritzak Bidegileak bildumako 49. eta 50. biografia sorten aurkezpena egin zuen atzo (osteguna), eta bertan Lourdes Arrieta zenari buruzko liburuxka argitaratu du. Miel A. Elustondok egin du.

Azpeitian jaio zen Arrieta, 1958an, eta 2005eko apirilaren 15ean hil zen, Lantziegon (Araba), auto istripuan.

Irakaslea izan zen Arrieta. Lantziegoko (Araba) Ikastolan 21 urterekin hasi zen lanean. Han geratu zen bizitzen. Ikastolaren sorreran lan handia egin zuen, baita Lantziegon euskara bultzatzearen alde ere. Hango Udalak Ikastolari Lourdes Arrieta izena jartzea erabaki zuen. Lantziegoko Udaleko EAJren zinegotzia ere bazen azpeitiarra.

Ikastolako bi irakaslerekin batera hil zen duela bi urteko ezbehar hartan: Adela Pardilla zornotzarra eta Oihana Torrealdai arrasatearrarekin. Bi autok elkar jo zuten.

Jaurlaritzak Mikela Gastesi, Patxi Ondarra, Joxe Mari Aranalde, Filipe Oihanburu, Bernardo Garro Otxolua eta Andoni Arozenari buruzko biografiak ere atera ditu sorta horietan. "Euskarari lotutako ekimenetan aitzindari eta bide erakusle izan dira guztiontzat”, adierazi zuen atzo Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. “Horiek bezalako pertsonen edo bidegileen lana eta pentsamendua ezagutzera ematea da gure helburua”.