Erakundeetako ordezkari kopuruaz ezbaian udal alderdiak

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 8a, 14:12

Urola Erdiko Udal Elkarteak Azpeitiko ordezkariak aukeratu izanaren aurka egin du gehiengoak

EAJko lortutako botoen eta Udalbatzan duten ordezkaritzaren araberako ordezkari kopurua izatea nahi du

Azpeitiko Udalak parte hartzen duen zenbait erakundetan alderdiek izan behar duten partaide kopuruak sortu zuen eztabaida handiena osteguneko udalbatzarrean. EAEko udal arduradunen eta EAJko zinegotzien artean izan zen ika-mika batik bat; azken hauek ez daude konforme ordezkaritza izatearekin bakarrik, lortutako botoen eta Udalbatzan duten ordezkaritzaren araberako ordezkari kopurua izatea eskatzen dute.

Besteak beste, Ingurugiro Etxea Fundaziorako bost patrono izendatu behar zituen Udalbatzak herenegun. Iñaki Errazkin (EAE) alkateak, alkatea bera eta alderdi bakoitzetik (EAE, EB-Aralar, EA eta EAJ) ordezkari bana izendatzea proposatu zuen. Baina EAJkoak ez ziren bat etorri.

Julian Eizmendi (EAJ) zinegotziak udal organo edota enpresetan Udalbatzakoaren araberako ordezkaritza izatearen alde egin zuen: “EAJk bost ordezkaritatik bi izatea da gure proposamena. Botoen %44 dugunez, gutxienez %40ko ordezkaritza izan nahi dugu, benetan errepresentatiboa eta demokratikoa hori delako”. EAJren ordezkariak Julian Eizmendi bera eta Ana Mendizabal izatea ere proposatu zuen.

Eizmendiren hitzen aurrean Iñaki Errazkin alkateak aurreko agintaldira jo zuen: “Orduan Habeak botoen %25 zuen, baina Ingurugiro Etxean ordezkaritzarik ez zuen. Zuei erabakitzea egokitu zaizuenean bestela jokatu izan duzue Habearekin. Orain gure proposamenak, alderdi guztiek ordezkaritza izatea da, ordea”. Hala, bozketa egin eta EAE, EA eta EB-Aralarrek EAEren proposamenaren alde bozkatu zuten. EAJkoek kontra. Beraz, aldeko botoak bederatzi eta kontrakoak zortzi izan ziren.

Gauzak horrela, alderdi bakoitzak ordezkari bana izango du Ingurugiro Etxea Fundazioan. Patronoak, Iñaki Errazkin (EAE) alkatea, Xanet Esnaola (EAE), Manuel Unanue (EA), Juan Karlos Arellano (EB-Aralar) eta Julian Eizmendi (EAJ) izango dira.

Udal Elkartean ordezkari

Urola Erdiko Udal Elkartean Azpeitiko Udalaren ordezkari zeinek izan behar duen ere eztabaida izan zen udalbatzarrean.

Udal Elkartea osatzen duten herriak Azpeitiaz gain, Azkoitia, Zestoa, Errezil, Aizarnazabal, Beizama eta Bidegoian dira; zazpi herri guztira. Udal Elkarteko batzordean herri bakoitzak bi ordezkari ditu. Batzorde horrek aukeratzen du Zuzendaritza Batzordea. Zuzendaritza, berriz, bederatzi lagunek osatzen dute: Azpeitiak bost ordezkari ditu, Azkoitiak bi, Zestoak bat eta herri txikiek beste bat (urtero txandakatzen da).

Azpeitiko ordezkarien arteko bat orain arte udaletxeko gerentea izan da. Orain Julian Eizmendik (EAJ) gerentearen lekua berak betetzea eskatu zion Iñaki Errazkin alkateari. Udalbatzarrean azaldu zuenez alkateak, Udal Elkarteko batzordera alderdi bakoitzak ordezkaritza izatearen asmoarekin joan ziren, baina bestelako proposamen bat egin zuen Zestoako Udaleko EAJko ordezkariak. Errazkinek azaldu zuenez: “Zuzendaritza batzordean Azpeitiak nolako ordezkaritza izan behar zuen erabaki zuten Udal Elkartean: EAJk bi, EAEk bi eta EAk bat. Guri aurretik ezer esan gabe egin zuten proposamena; guk ez genekien ezer eta batzarrean jakin genuen”. Ez zela “modu egokia” gaineratu zuen alkateak, “lehen, Azpeitiko ordezkariak zein izango ziren udalbatzarrak erabaki zuen eta orain ere hala egin behar dela uste dugu. Eta ez Udal Elkarteko batzordeak erabakitzea zeintzuk izango diren Azpeitiko Udala ordezkatuko dutenak”.

Julian Eizmendik Urola Erdiko Udal Elkartearen eta Lapatx Zabortegia S.A.ren historia laburbildu zuen udalbatzarrean. Eta Zestoako EAJko ordezkariak egindako proposamenarekin ere, Azpeitiko Udalak bost ordezkaritza izateko egindako hitzarmenaren “espiritua” mantendu egiten dela azpimarratu zuen.

Errazkin alkateak, berriz, gogora ekarri zuen Habeak Udal Elkartean ordezkaririk ez zuela izan, “garai hartan udalbatzarrak hala erabaki zuelako”. EAE alkatetzan jarri eta gero ere Udal Elkartean hainbat batzar egin izana salatu zuen alkateak, gainera. Erakundeetan Udalbatzaren araberako ordezkaritza izan beharko luketela gaineratu zuen.

Udalbatzarrean, EAJko zortzi zinegotziak abstenitu egin ziren eta EAE, EA eta EB-Aralarrekoak Udal Elkarteak ordezkaritzaren inguruan hartutako erabakiaren aurka egin zuten.