Giza baliabideetako teknikaria izendatzeko irizpideez galdetu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2007ko abe. 8a, 12:12

EAE-ANVren esanetan, “hutsune bat” egon da eta “presazko kontuengatik” aukeratu dute teknikaria

Udaleko kudeatzaileak lanuztea eskatu zuen

Azpeitiko Udaleko EAJko taldearen izenean, Julian Eizmendi zinegotziak lehen liburutegiko teknikaria zena orain Udaleko giza baliabideetako teknikari izendatzean jarraitutako irizpideetaz galdetu zion EAE-ANVri osteguneko udalbatzarrean.

Xanet Esnaola (EAE-ANV) alkateordeak irizpideak “behin baino gehiagotan” azaldu izan dituela adierazi zion aurrena Eizmendiri. “Kudeatzaileak eszedentzia eskatu eta hutsunea gelditu zen hor. Langileen egutegia eta beste zenbait lan egiteko baten baten beharra zegoen. Presazkoa. Udala barrutik ondo ezagutzen duelako bera izendatzea erabaki genuen behin-behinekoz”. Postua lehiaketa publikora aterako dutela ere argitu zuen Esnaolak.